Eider Eibar ilustratzaileak Juul Kanpaina irabazi du hamalaugarren aldiz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kokoak
Galdakaoko bizilagun izaten urteak daramatzan Eider Eibar ilustratzaileak Juul Kanpainaren saria jaso du ilustratzaileen kategorian, hamalaugarren aldiz. Sari banaketa Zangozan izan zen, maiatzaren 23an.
Irakurketaren zaletasuna bultzatzeko Euskal Herriko ikastoletan antolatzen diren jardueren programa da Juul Kanpaina. Urteroko programaren ezaugarri nagusienetakoa hauteskundeak dira eta hauetan ikasleek bozkatzen dute euskaraz idatzita dagoen euren libururik gustukoena.
Idazleak ez ezik, liburuen ilustrazioak ere aukeratu ditzakete ikasleek eta atal honetan, Galdakaoko bizilagun izaten urteak daramatzan Eider Eibar ilustratzailea saritu dute hamalaugarren aldiz.
«Sari hau oso berezia da. Haurrek ematen dute zuzenean, gure irakurleek, ilustrazioen ikusleek. Eurek dira epaileak eta saria jasotzea benetan zoriontsu egiten zaituen zerbait da», azaldu dio Eibarrek BINKEri.
Ilustratzaileak maiatzaren 23an jaso zuen saria, Zangozan egindako ekitaldian. «Saria jasotzeko unea berezia da ere, haur batek galdera bat egiten dizu eta egile sarituok urduri ibiltzen gara ea zein izango den jakiteko gogoz. Aurten, album ilustratu berririk lantzen ari naizen galdetu zidaten eta nik baietz, ‘Kokoak’ izenekoa argitaratuko dudala aurten erantzun nuen», adierazi du.