Jasone De Dios Idigoras
BINKE / 2017ko ekaina

Emaginak

Emaginoi, hainbat izenekin ezagutzen gaituzte hizkuntza ezberdinetan: comadrona, gazteleraz, midwife ingelesez; hebamme alemanez…Niri gehien gustatzen zaidana sage-femme da, frantsesez emakume jakintsua esan nahi duena.

Pasa den maiatzaren 5ean Emaginaren Nazioarteko Eguna ospatu genuen ofizio honetan ari garen guztiok. Baina, zer dakite herritarrek guri buruz, edota gure betebeharrei buruz? Nik neuk, orain dela bi urte ezingo nukeen galdera hori zehaztasunez erantzun. Gehienbat haurdunaldi, erditze eta erditze-osteko garaiarekin erlazionatzen gaituzte, baina emaginok emakumearen bizitza osoan zehar egoten gara presente, une zoriontsuetan, baita hain politak ez diren beste hainbat egoeratan. Emakumearen euskarri izatea da gure zeregin garrantzitsuena, ezagutzak, konfiantza, segurtasuna eta indarra ematea. Laburbilduz, emakumeak ahalduntzea, euren gaitasun guztia ateratzen laguntzeko.

Hori dela eta, lerro hauen bitartez, aintzinatik existitu den lanari omenaldi txiki bat egin nahi nioke, baita mendeetan zehar, herrietan zein ospitaletan, emakume eta jaioberrien bizitza eta osasunaren alde lan egin duten emagin guztiei. Zorionak eta eskerrik asko!