Emakumeentzako petanka jardunaldia antolatuko dute domekan Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Freepik
Mozoilo Petanka Klubak emakumeei zuzendutako petanka jardunaldia antolatuko du domekan, irailak 8. Dagoeneko 90 emakume inguruk eman du izena eta gaur, irailak 3, da horretarako azken eguna.
Ikasturtearen hasierarekin batera, petanka izango da asteburuko protagonistetako bat Galdakaon, izan ere, Mozoilo Petanka Klubak emakumeei zuzendutako jardunaldia antolatuko du Zugutzun domekan, irailak 8. Hitzorduan parte hartzeko izena emateko epea gaur, irailak 3, amaituko da eta mozoilopetanka@gmail.com helbidean edo 688686381 telefonoan egin daiteke.
Dagoeneko 90 emakume inguruk eman du izena eta parte hartzeko ez da beharrezkoa petankan jokatzen jakitea eta antolatzaileen asmoa jolasten dakiten emakumeak eta ez dakitenak nahastea da, «egun dibertigarri bat igarotzeko».
Jardunaldiaren ostean doako bazkaria eskainiko die antolakuntzak parte-hartzaile guztiei 14:30ean skate parkean eta musika ere izango da egunean zehar ekitaldia girotzeko. Halaber, klubeko kide eta munduko txapeldun den Sara Diaz izango da hitzorduan.