Errepide mozketak izango dira El Gallo inguruan domekatik uztailaren 31ra bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Domekatik uztailaren 31ra bitarte trafiko mozketak izango dira El Gallo inguruan, azpiegituretan egiten ari diren konponketen ondorioz. Domeketatik eguenetara arteko gauetan egingo dira, eta hemen batu ditugu xehetasunak.
AP-8ak El Gallo biribilgunetik N-634 errepidearekin bat egiten duen zatian azpiegituran konponketak egiten ari dira eta honen ondorioz trafiko mozketa handiak izango dira domekatik, apirilak 21, aurrera El Gallo inguruan.
Mozketak gauez izango dira domeketatik eguenetara bitarte, 22:00etatik 06:00etara. Asteburuetan ez da trafiko murrizketarik izango.
Beraz, N-240 errepidea hainbat hilabetez itxiko da gauez, AP-8ra sartzeko biribilgunearen eta N-634 errepidearekiko elkargunearen artean. Lanak uztailaren 31rako amaituko direla aurreikusten da.
Egoera horrek sor ditzakeen eragozpenak minimizatzeko, ibilbide alternatiboak prestatu dituzte N-240, N-634, BI-737, AP-8 eta BI-30 errepideetan barrena.