
Eskolaz kanpoko ekintzetan gurasoen artean euskara sustatzeko kanpaina abiatu dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Hego Uribeko Berbalagunak
Umeak eskolaz kanpoko ekintzetan ari diren bitartean gurasoak euskaraz erlazionatzeko kanpaina martxan jarri dute Berbalagunek Galdakaon, Gurasolagun ekimenaren baitan. Egitasmoa aurkezteko bideo bat argitaratu dute eta albiste honetan dago ikusgai.
Euskara ezberdinen arteko familia giroan eta aisialdiarekin lotuta bultzatzeko asmoa duen Gurasolagun ekimenak urtarrilaren 24an ekin zion urte berriari. Guztira bederatzi familia batu ziren Barandiaren AEKren egoitzan egindako hitzorduan, BINKEk jaso zuen moduan.
Aurten berrikuntzekin abiatu dute Gurasolagun ekimena eta hauetako baten helburua umeak eskolaz kanpoko ekintzetan ari diren bitartean gurasoak euskaraz erlazionatzea da. Egitasmo hau zabaltzeko kanpaina bat jarri dute martxan Berbalagunek eta albiste honen behekaldean ikusi daitekeen bideoa argitaratu dute xehetasun gehiago emateko.
Bideoan Asier Martin Gurasolaguneko dinamizatzaileak azaltzen duenez, «frontoian, igerilekuan, musika eskolan edo futbol zelaian gurasoak euskaraz erlazionatzea da helburua».
Dinamika honetan parte hartu nahi duten gurasoek izena eman dezakete galdakao_berba@aek.eus helbide elektronikora idatziz edo 607 146 855 telefono zenbakira deituz. «Parte hartzaileak ahalik eta erosoen aritzeko, izena ematen duen jendearen profilaren arabera egingo dira taldetxoak: umeen arteko erlazioa, euskara-maila, adina…», adierazi dute antolatzaileek.