Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2021eko otsaila

Eta guretzat, zer?

Pasa den mendeko 60ko hamarkadaren amaieran, Euskal Herrian kulturaren pizkunde handia bizi izan genuen. Artean, Francoren erregimena bere gorenean zegoen eta Euskal Herritik sor litekeen edozein adierazpen zigortua zuen, bereziki euskal kulturari eta hizkuntzari lotuta zeudenak.

Giro hartan, 1969 urteko Galdakaoko jaietan bi gauza adierazgarri jazo ziren: lehena, Regio zinema aretoa jendez gainezka eta kantari haiek guztiak, Estitxu eta Ez Dok Amairuko kideak —Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo…— entzutearen lilura. Bigarrena, jendetza baten aurrean egindako karrozen desfilea non, euskal gai ezberdinen artean, batek Galdakaoko ikastola irudikatzen baitzuen, etxetxo baten barruan ume batzuk eramanez eta kanpoan nor eta neu, Joserra Sainz zenarekin, «Eta guretzat zer?» galdetzen zuen pankarta baten ondoan, adin guztietarako hezkuntzaren legeztapena errebindikatuz.

Halako arrakastak bultzatuta, hurrengo urtean jende gazteak berezko Euskal Jai egun bat antolatzen saiatu ziren eta gu, gazteagook, laguntzera deitu gintuzten. Besteak beste, kartoi banda bat antolatu eta Urrutikoetxearen zerrategiaren ondo orubean entseatzen hasi ginen iluntzero, adoretsu eta abilezia eskasarekin, ospakizunaren eguna gerturatu ahala. Ez genuen arduren emaitza ikusi, ordea, gobernari frankistek, aurreko urteko eskarmentuarekin, jaia debekatu baitzuten.

Zorionez, frankismoa Josafaten landara joan eta euskal hezkuntza adin guztietara hedatu zen, unibertsitatera ere bai, euskal jaiak nonahi ospatu ziren eta guk, azkenean, turuta jotzeko abagunea izan genuen.