Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartuko du, eta prozesu hori abiarazteko hasierako araudia onartu zuen atzo udalbatzak, ekaineko osoko bilkuran. Zerbitzua esku pribatuetan egon da urte askotan zehar.
Prozesu «luze eta gogor» baten ostean, Galdakaoko Udala urte luzez esku pribatuetan egon den Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua munipalizatzeko azken pausoak ematen ari da.
Atzo goizean aurkeztu zituen Udal Gobernuak zerbitzua munizipalizatzeak ekarriko dituen onurak, eta langileentzako, senideentzako eta erabiltzaileentzako hobekuntzak nabarmendu zituen, BINKEk jaso zuen moduan.
Publikoki aurkeztu ostean, zerbitzua bere gain hartzeko prozesua abiarazi zuen Udal Gobernuak, eta memoria eta araudia eraman zituen atzo arratsaldean antolatutako ekaineko osoko bilkurara.
Hori izan zen saioko gai nagusia, eta eztabaida handia eragin zuena. Plenoa lepo bete izanak gaiak sortutako ikusmina erakutsi zuen, batez ere neurriak zuzenean eragingo dion sektore batean. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eskaintzen duten langileak izan ziren aretoa bete zutenen gehiengoa eta «txaloz hartu zuten munizipalizazioari bide ematen dion erabakia», Udalaren esanetan.
Memoria eta araudia onartu zituen Galdakaoko udalbatzak. EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria taldeen aldeko botoekin, EAJ-PNVren kontrako botoekin eta PSE-EEren abstentzioekin hartu zen erabakia.
EAJren eta PSE-EEren botoen zergatia
Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Zerbitzua bere gain hartzeak ez omen zituen oposizioko kideak erabat konbentzitu, eta horren adierazle izan ziren jeltzaleen eta sozialisten botoak.
EAJren ustez, «horrelako erabaki estrategiko bat ezin da hartu bermatu gabe erabiltzaileek gaur egungoa bezain ona edo hobea izango den arreta jasoko dutela, langileek beren etorkizun laboralaren inguruko ziurtasuna izango dutela eta Udalak kostu ekonomikoa gainontzeko zerbitzu publikoak arriskuan jarri gabe bere gain hartu ahal izango duela».
Horregatik, jeltzaleek «zerbitzua hobetzeko beharra» ikusten badute ere, EAJk Etxez Etxeko Zerbitzua publiko bilakatzearen aurka egin zuen «arreta hobea, lan segurtasuna eta jasangarritasun ekonomikoa» bermatzen ez dituelakoan.
PSE-EEk bere aldetik, abstentziora jo zuen; izan ere, «udalgintza-prozesu hori zaildu nahi izan ez badu ere», eta emaitzak langileen zerbitzuan eta lan-baldintzetan «hobekuntzak ekartzea espero» duen arren, Jaurlaritzak kudeatu duen eta kudeatzen jarraitzen duen «opakutasuna, zehaztasun falta eta prozesu osoaren ziurgabetasuna» kritikatu ditu.
Horrela, sozialistek zerbitzuaren «funtzio soziala errentagarritasun ekonomikoaren gainetik» dagoela uste badute ere, Udal Gobernuak «zerbitzuaren gainkostu bidegabea nabarmentzen duten txosten ekonomikoei jaramonik ez egitea» kritikatu dute.
Bozketa egin ostean, udalbatzak Etxez Etxeko Zerbitzua Udalaren gain hartzea onartu eta hasierako onespena eman zitzaion prozesuari, oinarriak orain jendaurrean erakutsi behar baitira. Uztaileko osoko bilkuran behin betiko onartzea aurreikusi du Udal Gobernuak.
Bilkurak onartutako beste mozio batzuk
Ekaineko udalbatzak Etxez Etxeko Zerbitzua munizipalizatzetik harago bestelako gaietarako ere eman zuen.
Foruen abolizioaren 150. urteurrenari eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena dela eta, esaterako, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzak. EH Bildu, EAJ eta UHren aldeko botoekin egin zuen aurrera, PSEren kontrako botoekin eta Auzoak taldeko kideen abstentzioarekin.
Mozio horren bitartez, besteak beste, Udalak bat egiten du uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.
PSE-EEk aurkeztutako mozioa ere onartu zuen udalbatzak, kasu honetan aho batez. Mozio horretan aniztasuna eta LGTBI+ inklusioa indartzea eskatu dute sozialistek.




