Gabonetan herrian erosteko kanpaina martxan jarri dute Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak Gabonetan erosketak herrian egitera bultzatzeko kanpaina abian jarri dute, hainbat jarduera antolatu dituztela. Besteak beste, ‘Oparitu Galdakao’ txartelak jarri dituzte eskuragai 20 eta 50 euroko prezioan.
Gabonetako kanpaina berezia jarri dute martxan Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak erosketak herrian egitera animatzeko helburuz, «herrikoa zaindu, bultzatu eta indartzeko». Iñigo Hernando alkatearen esanetan, «eskualdeko erreferentzialitatea berreskuratzeko» lanean ari dira eta horregatik dei berezia egin die herritarrei herrian bertan eros dezaten eta bertoko merkataritza eta ostalaritza sarea indar dezaten.
Kanpainak hiru ardatz nagusi ditu. Batetik, ‘Oparitu Galdakao’ txartela abian jarri dute, 20 eta 50 euroren truke edozein komertzio edo ostalaritzako establezimendutan erabili ahal dena. Txartelak dagoeneko eskuragai daude Gu Dendari elkartearen egoitzetan.
Bestalde, urtero egiten den tren turistikoa errepikatuko da abenduaren 26an eta 27an. Azkenik, herriko hainbat gunetan jarriko diren Gabonetako argiek herrian bertan geratzera gonbidatuko dute.
Gainera, aurten berrikuntza bat egongo dela jakinarazi zuen Aitziber Bonillak, Gu Dendari elkarteko presidenteak. Ekintzak ‘Bertoko Ginkana’ du izena eta Galdakaoren inguruko galderak asmatzean datza. Irekita dago jolasteko epea eta barikuraino, abenduak 23, parte hartu daiteke. Kalean jarritako QR kodeen bitartez egiten da eta jolasa amaitzen duten lehenengo 50 pertsonek bost euroko opari txartela jasoko dute.