Gabonzahar gaueko borroka eta zikinkeriak salatu dituzte Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Irakurleek BINKEri bidalitakoak
Urte berriko lehenengo orduak liskar artean igaro dituzte zenbait herritarrek bart goizaldean Galdakaon, odol eta ospitalizazioak barne; beste askok kale bazterrak botiloiaren zakarrez beterik utzi dituzte. Hala salatu diote zenbait auzokidek BINKEri eta albiste honetan batutako irudiak bidali dituzte.
Gau laburra izan ohi da Gabonzahar gauekoa, baina askoren asaldurek ez omen dute bide egokia aurkitzen hainbeste emozio eta jai giroren artean, eta konfrontazioetan oinarritzen dute euren parranda. Hala salatu diote BINKEri zenbait irakurle galdakoztarrek, eta albiste honetan argitaratutako argazkiak bidali dizkiote hedabide honi.
«Ardanza parkea zikinkeriz beteta aurkitu dogu gaur goizean, askok eta askok ez dabez batu bere botiloiaren zakarrak», salatu dute Zabalea inguruko auzokide batzuek, kale-edanaren ondorio. Baratze Barria urbanizazioaren inguruetako auzokideak ere —Nafarroa eta Euskadi kaleen arteko eraikuntzen ingurukoak— kexu izan dira urteko lehen goizean: «Kriston zaratak eta liskarrak entzun behar izan doguz gauean zehar, eta burrukak be egon dira gure inguruan».
Inguru horretako eserleku batzuk odolez beteta ere itzartu dira gaur, BINKEri kontatu dioten moduan zenbait zauritu ospitalera eraman behar izan dituzte hainbat zauri jasota. Goizeko bederatziak aldera izan da hori, eta horrekin hasi da gaua baretzen.
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren esku-hartzea berehalakoa izan da borroken aurrean, lekukoen arabera, eta «ezbeharra gehiagora ez iristea» lortu dute.