Galdabusak udako ordutegia izango du bihartik irailaren 30era bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bihartik aurrera eta irailaren 30era bitarte, auzoen arteko Galdabusak udako ordutegia izango du. Aldaketa txikiak egingo dira ordutegietan eta geraleku berriak jarriko dira Bekean eta Olabarrin. Albiste honetan batu ditugu xehetasunak.
Bihar, ekainak 1, hasiko da udako ordutegia auzoen arteko Galdabusean. Irailaren 30era arte iraungo du eta aldaketa txikiak izango ditu orain arte izandako ordutegietan, Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez.
Astean zehar orain arte bezala mantenduko da zerbitzua eta asteburuetan aldatuko da ordutegia udan zehar: zapatu arratsaldez ere martxan egongo da, eta domeka zein jaiegunetan ere bai. Hortaz, horrela geratuko dira ordutegiak:
- 1. Linea: Aperribai-Udaletxea
-Astean zehar 07:45ean jarriko da martxan, orain arte bezala. Aperribaitik irtetzen den lehen autobus hori eta 15:20ean ateratzen dena Elexalderaino iritsiko dira, ikasle eta langileen beharrak asetze aldera. 8:40tik aurrera, 40 minuturo egongo da zerbitzua Aperribaiko Unamunotik aterata. Udaletxetik Aperribaira 9:00etatik aurrera izango da zerbitzua 40 minuturo, 20:20ak arte (goizean 8:05ean badago lehen zerbitzu bat)
– Zapatu, domeka eta jaiegunetan 09:00etan aterako da autobusa Aperribaitik, eta neguko ordutegian zapatu eguerdian amaitzen den zerbitzua udan 20:20an amaituko da; baita domeka eta jaiegunetan ere. Udaletxetik Aperribairako azken autobusa 20:40an aterako da - 2. Linea: Zuhatzu-Elexalde
-Astean zehar berdin mantenduko da ordutegia udan ere: Zuhatzutik 7:40ean aterako da lehen Galdabusa eta 8:10ean bigarrena, eta 9:00etatik aurrera 40 minuturo, 19:40ak arte. Elexaldetik lehen bi autobusak 7:55ean eta 8:25ean abiatuko dira, eta 9:20etik aurrera 40 minuturo, 20:00ak arte
-Asteburuetan eta jaiegunetan egun osoz egongo da martxan Galdabusa ekainaren 1etik irailaren 30era, 40 minuturo. Zuhatzun 9:20ean abiatuko da asteburuetako lehen autobusa, eta 20:00etan azkena. Elexaldetik 9:40an aterako da lehen autobusa, eta azkena, 20:20ean
Zuhatzu-Elexalde ibilbidea egiten duen 2. Lineak berrikuntzak izango ditu ere geralekuetan bihartik aurrera, izan ere, Olabarrira eta Bekeara ere helduko da. Galdakakoko EAJ-PNVk adierazi duenez, «alderdiak behin eta berriz egindako eskaera» bete egin da honekin.
Honakoa izango da 2. Linearen ibilbidea zapatutik aurrera: Zuhatzu – Juan Bautista Uriarte – udaletxea – Zabalgane – Bekea – Olabarri – hilerria – Elexalde. Galdabusa Elexaldetik abiatzen denean, hilerrian izango du lehen geltokia, Bekeako autobus geltokira joango da ondoren, Olabarrira gero, eta Zabalganera egingo du ostean.
Udalak adierazi duenez, ibilbidea bost bat minutu luzatuko du horrek, baina «egin diren azterketek adierazi dute zerbitzua orain arteko ordutegi eta maiztasun berarekin emateko aukera mantenduko dela». Ibilbide hau neguko ordutegian ere mantentzea aurreikusi dute.