Galdakaoko kale garbiketako langileek bi asteko greba deitu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: O. Mobility
Galdakaoko kale garbikuntzako langileek apirilean bi asteko greba deitu dutela iragarri du ELA sindikatuak. Salatu dutenez, urtebete baino gehiago daramate Andra Mari aldi baterako enpresa-elkartearekin hitzarmena negoziatzen eta ez dute hobekuntzarik lortu.
Galdakaoko kale garbitzaileek, hogeita hamahiru langile guztira, bi asteko greba deitzea erabaki dute apirilaren 15etik aurrera, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Langileek Enviser eta Serkom enpresek osatutako Andra Mari ABEErako egiten dute lan eta Galdakaoko Udalari ematen diote zerbitzua.
ELAko ordezkariek «urtebete baino gehiago daramate enpresa horrekin hitzarmena negoziatzen eta
enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen ditu». Halaber, «negoziazioa
ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen ari dela» azaldu dute sindikatutik.
«Langileen erosteko ahalmena defendatuko dugu, eta negoziazioa blokeatuta dagoenez,
langileek 15 greba egun deitu dituzte», adierazi du ELA-k.
Bestalde, Galdakaoko Udalari, zerbitzuaren kontratatzaileari, bitartekari lanak egiteko eskatu dio sindikatuak, «langileei KPIaren araberako soldatak bermatzeko».