Galdakaoko kiroldegian abonatutakoak doan sartu ahal dira EAEko 151 instalaziotara
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Mugiment Kirol Txartela ekimenarekin bat egin du Galdakaoko Udalak eta honen bitartez EAEko 151 kirol-instalaziotara doan sartzeko aukera eskaini die galdakoztarrei. Txartela birtuala da eta Galdakaoko kirol-zerbitzuko abonatuek eskuratu dezakete.
Jarduera fisikoa sustatzeko, sedentarismoa murrizteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, Mugiment Kirol Txartela jarri zuten martxan duela hilabete batzuk. Honek udalerri bateko udal-kirol zerbitzuko abonatuei aukera ematen die atxikitako kirol-instalazioetara EAE osoan sartzeko.
Galdakaoko Udalak ekimenarekin bat egin duela iragarri du eta horrenbestez, Galdakaoko kirol-zerbitzuko abonatuak EAEko 151 instalaziotara doan sartu ahal izango dira.
Mugiment KTX txartela birtuala da eta aplikazio baten bidez erabiltzen da. Horretarako, interneterako konexioa duen mugikor bat izateak erraztu egingo du erabilera baina hau ezin egitekotan, erabiltzaileak abonamendu-txartela eta NANa aurkeztuta sartu ahal izango du ere instalazioetan.
Aplikazioaren bitartez eginez, behin mugikorren deskargatuta eta instalatuta, datu pertsonalak sartuta erregistratu beharko ditu erabiltzaileak eta zein erakundetako abonatu den adierazi. Jarraian, jakinarazpen bat jasoko du helbide elektronikoan.
Hauek dira ekimenean atxikitutako herri guztiak: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Arrasate, Bergara, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria, Zornotza, Bilbo, Azpeitia, Orio, Urduliz, Zumarraga, Derio, Legazpi, Abadiño, Larrabetzu, Getxo, Gorliz, Galdakao, Beasain, Ondarroa, Ordizia, Lezo, Orozko, Zalla, Gueñes, Igorre, Leioa, Balmaseda, Urretxu, Maruri, Urduña, Vitoria-Gasteiz, Iruña Oka, Ataun, Ezkio, Zegama, Segura, Agurain, Tolosa, Oiartzun, Ormaiztegi, Villabona, Errenteria, Idiazabal, Donostia, Galdames, Ibarra eta Pasaia.