Garraioa
BINKE / 2021eko ekaina

Galdakaoko Metrorako Jaurlaritzak Europako funtsetan aurkeztutakoa ezagutu dugu

TESTUA: Erredakzioa

Europako funtsetan Galdakaoren eta Usansoloko Ospitalearen Metrorako Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuaren dokumentuak erakutsi ditu Pedro Azpiazu sailburuak, eta horren berri eman du bart Iñigo Hernando alkateak.

Elkarrekin Podemos-IU taldeko Iñigo Martinez Zaton legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailean Basauriko Sarraturen, Galdakaoren eta Usansoloko Ospitalearen inguruan informazio-eskaera egin zuen.

Bart gabaz, ekainaren 2 gauean, Pedro Azpiazu arloko sailburuak Europako funtsetan gure herrietara Metroa ekartzeko aurkeztutako proiektuaren dokumentu batzuk argitaratu zituen Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak bere Twitter kontuan.

Arriandiagak hiru gako azpimarratu zituen bere txioan, hirugarren linearekin lotura Sarratun eta Usansolon izango omen dituela garraioak, geltokiak auzoetan eta herrigunean, eta Eusko Jaurlaritzak —dokumentuetan ikus daitekeen bezala— Metroa gurera ekartzeak dakarren inbertsioari aurre egiteko 2026ra arteko finantzazio egutegia ezarri duela.

Jaurlaritzaren egutegi horren arabera, euskal erakundeak iaz bere ohiko aurrekontutik 0,05 milioi euro bideratu zituen proiektu honetan eta gainontzekoak Euskadi Next funtsetatik bideratu gura ditu. Funts hauek dira Europatik datozenak, eta aurretik jarritako partida kontutan izanda, horrela banatu gura ditu Eusko Jaurlaritzak 340 milioi euroak datozen urteetan:

  • 2021ean: 9,95 milioi euro.
  • 2022an: 40 milioi euro.
  • 2023an: 65 milioi euro.
  • 2024an: 65 milioi euro.
  • 2025ean: 80 milioi euro.
  • 2026an: 80 milioi euro.

Proiektu honen aurrean, Galdakaoko EAJk Binkeri adierazi dio «oso albiste ona» dela Galdakaorentzat eta honek egiaztatu egiten duela «Euskadi Next-en proiektuetako bat Metroa izateak bai Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren beharrizana presente izan dutela».

Albiste honekin lotuta…