Galdakaoko Triatloi Eskolak urteko gala ospatu zuen Torrezabal Kultur Etxean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Duela bi urte sortu zen Galdakaoko Triatloi Eskola eta gaur egun 32 kide ditu. Guztiak batu ziren eguenean Torrezabal Kultur Etxean, klubak antolatutako urteko galan, eta babesle eta laguntzaileen lana eskertu zuten hitzorduan.
Galdakao Triatloi Eskolak urteko gala ospatu zuen eguenean, abenduak 20, Torrezabal Kultur Etxean. Duela bi urte sortu zen klubak 32 kide ditu gaur egun eta hurrengo urtean gehiago izatea espero dute.
Ekitaldia taldearen aurkezpenarekin hasi zen, Raul Manzanares eta Asier Linaza arduradunen eskutik eta klubaren egungo egoeraren inguruan aritu ziren. Jarraian, klubaren hiru babesle nagusien ordezkariak igo ziren oholtzara: Clínica Dental Loroñoren izenean Joseba Loroño, Jiorings enpresarenean Iñigo Barrenetxea eta Galdakaoko Udalaren izenean Asier Korta Kirol zinegotzia.
Hauek horrelako ekimenak babesteak duen garrantziaz aritu ziren eta ondoren klubak opari bana eman zien hirurei. Laguntzaileen lana ere eskertu zuten klubetik, Ugaitz Aguilar, Mario Lazaro, Koldo Kando eta Asier Egiraun aipatuz.
Ondoren, urteko balorazioa egin zuen Maria de la Fuente klubeko ordezkariak bideo baten bitartez eta iragarpen bat egin zuten talde galdakoztarretik: Madrileko Trinorte taldea gonbidatu dute 2024ko martxoan Galdakaon antolatuko den duatloi txikiaren edizio berrira. Horrela, Euskal Herritik kanpoko talde bat parte hartuko duen lehen aldia izango da hurrengo urtekoa.
Madrildarrekin zuzenean izandako telefono dei baten bitartez iragarri zuten eta haiek ere galdakoztarrak Madrilera joatera gonbidatu zituzten.
Amaieran gaur egun kluba osatzen duten 32 kideak igo ziren oholtzara eta familia argazkia atera zuten eta azkenik, luch batez gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.