Galdakaon banatu da Tripontzia zozketaren sari nagusi osoa
Gure Eskuren zozketa
BINKE / 2022ko urtarrila
Galdakaon banatu da Tripontzia zozketaren sari nagusi osoa
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gure Eskuk zabaldutakoa
Gure Eskuk urtero kaleratzen duen Tripontzia zozketa nazionalaren sari nagusia Behe Nafarroa serieko 21443 zenbakia izan da, eta osorik saldu da Galdakaon. Zenbat milaka euro eraman ditu irabazleak eta zelan banatu da? Hemen erantzuna!
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimendu herritarrak abian jarritako zozketa nazionala da Tripontzia. Espainiako Loteriaren «alternatiba euskaldun eta burujabe» bezala aldarrikatu izan da ekimen hau, eta Gure Esku ekimena laguntzeko erabiltzen da.
Zenbakiak zortzi serie ditu. Euskal Herriko herrialde bakoitzetik bana eta zortzigarrena diasporari eskainia. Horrela ba, erosleak zenbaki eta serie bakarra eros dezake ala zortzi serieak.
Zenbaki eta serie irabazlea izanez gero, 30.000 eurokoa da saria. Aldiz, zenbaki irabazlea baina serie desberdina duenak 2.000 euroko saria eraman dezake. Aurtengo zenbaki saridun nagusia Behe Nafarroa serieko 21443 zenbakia izan da eta Galdakaon saldu da.
Gainera, «zenbaki saridunaren zortzi serieak galdakoztar berari saldu jakozan», adierazi dio Binkeri Galdakaoko Gure Eskuko arduradunetariko batek. Beraz, galdakoztar horrek zenbaki eta serie irabazlearen 30.000 euroak + gainontzeko zazpi serietako 2.000 euroak irabazi ditu. Guztira, 44.000€!
Berria jaso eta jarraian, irabazlea nor izan den ezagutu eta berarekin berba egin du Binkek. Saridunak kuadrilaren artean banatzeko erosi zituen zenbaki horren zortzi serieak, «asko gara kuadrilan baina zortzik hartu dogu parte zozketan, eta zortziron artean banatuko doguz 44.000 euroak!».
Zorionak, kuadrila!
Laster emango du Binkek irabazleen berri
Bigarren saria, 14148 zenbakia, Arrasaten saldu da eta 1.000€ jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.