Gaur hasiko da Sormeneren talde eragilea batzen, Galdakaoko udaletxean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Sormeneren aurtengo bigarren ekinaldia udazkenean dator, azaroaren 10etik 13ra bitarte, eta ekimenaren talde eragilea gaur hasiko da batzen 19:00etan. Bertan parte hartu gura duenak zabalik du horretarako aukera.
Hirugarren urtea ospatzen ari da Sormene, eta urte hasiera honetan iragarri zuten bezala, sasoi bitan antolatzen ari da Galdakaoko Udala «sorkuntzen Galdakaoko plaza» ekimena. Urteko lehenengo ekinaldia udaberrian antolatu zen, maiatzaren 12tik 15era bitarte. Bigarrena aldiz, udazkenekoa, azaroaren 10etik 13ra antolatuko da.
Galdakaoko Udalak Sormene Dijitalidadea enpresarekin antolatzen badu ere, edukiak eta egitaraua herritar talde batekin antolatu ohi ditu, eta horiek lantzen astelehen honetan, urriak 17, hasiko da Sormeneren Talde Aholkulari Eragilea deitu diotena. Hitzordua 19:00etan jarri dute, udaletxeko udalbatzarren aretoan.
Gotzon Barandiaran da Sormene ekimenaren zuzendari artistikoa, eta Barandiaranek gaur batuko den talde honi egitarau proposamen bat eramango badio ere, asmoa egitaraua denen artean adostea eta proposatzea da. Hala ere, izango dituzte taldeko parte-hartzaileek zeregin gehiago ordubeteko bileran ere, 2023ko Sormeneren eduki nagusiak adostu eta taldearen beraren osaera eta funtzioak ere berraztertu egingo baitituzte.
Sormeneren Talde Aholkulari Eragilean parte hartzeko deia herritar euskaltzale eta kulturzale guztiei dago irekita, eta gaurko hitzordura joatea nahikoa izango du bere ekarpenak egin ahal izateko.
Ekimen honen berri guztiak aktualitateko atalaren barruan azpi-atal propioarekin batzen ditu Binkek.