Gaurtik aurrera salgai daude Bono Dendak, 10 euro ordainduta 15€ko balioan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: M. Williams
Gaur, astelehena, 09:00etatik aurrera jarriko dira salgai Bono Dendak Galdakaon eta Usansolon. 10 euro ordainduta 15€ko balioa izango dute atxikitako saltokietan. Hemen batu ditugu bonuak erosteko ordutegiak eta baldintzak.
Tokiko merkataritza sustatzea helburu duen aspaldiko ekimena bueltan da aurten ere Galdakaora eta Usansolora. Gaurtik aurrera Bono Dendak jarriko dira salgai, 10€tan txartela erosi eta 15€tan inbertitu ahal izateko.
Galdakaoko Udalak Gu Dendari elkartearekin lankidetzan antolatutako kanpaina honek udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea du helburu, antolatzaileen esanetan. Horretarako, milaka bonu kaleratuko dira 10 euroko prezioan, baina 15 euroko balioa izango dute kanpainarekin bat egiten duten saltokietan.
Online egin beharko dira erosketak, https://bonodenda.galdakao.eus/ helbidean. Norbaitek zailtasunak izango balitu internet bidez erosteko, Udalak horretarako laguntza eskainiko lioke: udaletxeko langile bat erosketa online egiten laguntzeko prest egongo da udaletxeko sarreran, 09:00etatik 14:30era arteko ordutegian.
65 urte gorakoek ordea bonuak aurrez aurre erosteko aukera ere izango dute. Horientzat ere astelehenean zabalduko da Gu Dendari Elkarteak Muguru plazan duen bulegoa 09:00-14:00 eta 15:00-19:00 ordutegietan. Galdakaon 65 urtetik gorakoen artean aurrez aurre saltzeko 4.700 bonu gorde dira. Horiek agortzen direnean itxi egingo da Muguruko salmenta bulegoa, eta astelehenean agortuko ez balira, asteartean ere zabalduko litzateke ordutegi berean, agortu arte. Bakoitzak 65 urtetik gorako bi pertsonen NANak eraman ahalko ditu gehienez, eta NAN zenbaki bakoitzeko lau bonu hartu ahalko dira.
Usansolon aldiz, 800 bonu gorde dira 65 urtetik gorakoen artean aurrez aurre saltzeko. Bihar, maiatzak 9, jarriko dira salmentan Usansolon, Oletxe kaleko 19an, 09:30-13:00 eta 16:00-19:00 ordutegietan.
Bonuak ekainaren 30era arte trukatu ahal izango dira. Gehienez lau bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.