Gerardo Sánchez (Dog&Fox): «Tabernetan hartu diren neurriak ulergarriak dira»
Gerardo Sánchez, Dog&Fox taberna eta jatetxea
BINKE / 2020ko ekaina
«Tabernetan hartu diren neurriak ulergarriak dira»
Orain 12 urte iritsi zen Gerardo Sanchez (1984, San Cristobal, Venezuela) Euskal Herrira. Hainbat urtez Gambrinus izenez ezaguna zen taberna eta jatetxean langile aritu ostean, negozioaren gidaritza berak hartu eta Dog&Fox izenez bataiatu zuen lokala.
Zergatik erabaki zenuen negozio bat Galdakaon zabaltzea? Eta diru-laguntzaren bat jaso al zenuen zabaltzerakoan? Orain dela sei urte zabaldu nuen gaur egun Dog&Fox modura ezagutzen den jatetxea. Hala ere, nik neure jatetxea zabaldu baino arinago, leku horretan bertan lan egiten nuen zerbitzari modura. Bigarren galderari dagokionez, ez nuen inoren eskutik inolako diru-laguntzarik jaso; ez gobernutik, ezta erakunde publikoetatik ere.
Berrogeialdiaren ondoren berriro ere jatetxea zabaldu duzuenean, diru-laguntzaren bat jaso al duzue? Bai, langile autonomoa izateagatik Mutualitateak laguntza ekonomikoa eskaini dit. Bestalde, herriko beste ostalari batzuekin kontaktuan jarri naiz, eta esan didatenez, Udalak ere diru-laguntzak eskainiko ditu; baina momentuz, niri ez zait inolako idazki ofizialik heldu.
Herriko beste ostalarien berri izan al duzu? Zelan ikusten duzue egoera? Egoeraren larritasuna ikusita, herriko ostalari guztiek WhatsApp talde bat sortu dugu, gure arteko elkarlaguntza sustatzeko eta sortu daitezkeen dudak argitzeko asmoz. Jakin dudanez, herriko hainbat negozio egoera oso kaskarra sufritzen ari da, baina guztion laguntzarekin betiko normaltasunera heltzea espero dut.
Zaila iruditu al zaizu berriro ere epe hain luze batez itxita egon den negozioa zabaldu behar izana? Eta zeintzuk izan dira hartu behar izan dituzuen neurriak? Zorionez, nire negozioa nahiko handia da, eta horrek asko lagundu izan dit jatetxea berriro ere zabaltzerakoan, hala ere, hainbat zailtasun izan ditut. Jantokian ezin izan dudala janaririk zerbitzatu izan da aurkitu dudan oztoporik handiena Bestalde, taberna edo jatetxeetan hartu diren neurriak oso ulergarriak iruditu zaizkit: eskularru eta maskarak erabiltzea, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, edota bezeroen artean segurtasun distantzia mantentzea.
Zer esango zenieke Galdakao eta Usansolon negozio txikiak dituzten jabe eta langileei? Mezuren bat bidaliko zenieke? Mezu positiboa helarazi nahiko nieke. Egia da larrialdi egoera honek dituen ondorioak larriak izan direla —eta izango direla— baina ikusi ahal izan dudanez, gure herrietako biztanleak egoeraren larritasunaz ohartu dira. Zabaldu genuen lehengo momentutik bezeroz beteta egon da gure jatetxea, eta eskertzekoa da herritarrek izan duten harrera. Izan ere, jendea oso kontzentziatuta dago, eta horregatik negozio txikiek laguntza handia izango dutelakoan nago.