Bengoetxen izango den Metro geltokiaren obren bilakaera bertatik bertara ezagutu zituzten barikuan Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak. Azken aurreikuspenen arabera, 5. linea 2030an martxan jarriko dute.
Metroaren 5. linearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute Galdakaon. Azpiegitura berriak Basauri eta Usansoloko Ospitalea lotuko ditu, eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea. Guztira, 6,3 kilometro inguruko ibilbidea izango du, eta Galdakao Bilboko Metroaren sarean integratzea ahalbidetuko du.
Bengoetxen izango den geltokiaren tunelera bisita instituzionala egin zuten barikuan Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak, Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak, besteak beste.
Bertan, obren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko eta azken aurrerapenen berri izateko aukera izan zuten, baita datozen hilabeteetan egingo diren lanen inguruko azalpenak jasotzeko ere.
Hain zuzen, Bengoetxen eta Aperribain izango diren geltokien indusketa lanak amaitu dira, eta, horrenbestez, geltokien eraikuntza lanen faseari ekingo zaio. Bestalde, bisitan jakinarazi zutenez, linearen tunelaren indusketak ere aurrera doaz, eta dagoeneko 3,87 kilometro inguru induskatu dira, aurreikusitako 6,3 kilometroetatik, hau da, ibilbidearen %61 inguru.
Barikuan bisitatu zuten Bengoetxeko geltokia Ostalaritza Eskolaren inguruan kokatuko da eta, ondoren, trazadura lur azpitik jarraituko du Galdakaoko erdiguneko geltokiraino, Lehendakari Agirre plazaren inguruan. Aurretik, Metroaren 5. lineak Sarratun Basauri izango du abiapuntua eta Aperribaitik ere igaroko da.
Azken aurreikuspenen arabera, linea 2030 inguruan martxan jarriko da, aurreko epeak egokitu ostean. Hala, azpiegiturak Galdakao Bilboko Metropoli Trenbidearen sarean sartzea eta Basauri, Galdakao eta Usansoloko Ospitalearen arteko lotura hobetzea ahalbidetuko du.




