Gizarte aktibo bat bultzatzeko Altzeu zerbitzua jarriko da martxan Galdakaon
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Gizarte aktibo bat bultzatzeko helburuz, Altzeu jarduera fisikorako orientazio zerbitzua jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, Osakidetzarekin eta Mugiment egitasmoarekin elkarlanean. Saioak doakoak izango dira eta astelehenean, azaroak 4, hasiko dira.
Ohitura sedentarioak murrizteko eta gizarte aktibo bat bultzatzeko helburuz, Altzeu zerbitzua jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mugiment egitasmoarekin batera.
Jarduera fisikorako orientazio zerbitzu hau doakoa izango da eta galdakoztar guztientzat zuzenduta egongo da. Gaur, urriak 29, aurkeztu dute zerbitzu berria Galdakaoko Udaleko, Galdakaoko anbulatorioko, Mugiment egitasmoko eta Mugikon taldearen ordezkariek, Torrezabal Kultur Etxean egindako agerraldian.
Honetan, «Galdakaon ohitura osasuntsuak izatearen garrantzia» azpimarratu du Iñigo Hernando alkateak. Asier Korta Kirol zinegotziak aldiz, Udaleko arlo ezberdinek elkarlanean martxan jarriko duten zerbitzua dela azaldu du.
Dalda Baraiazarra Mugiment proiektuaren Idazkaritza Teknikoko ordezkariak adierazi duenez, Altzeu egitasmoaren helburua «bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzea da».
Horretarako, inaktiboak diren pertsonei zuzendutako jarduera fisikorako orientazio saioak eskainiko dira astelehenetan Torrezabal Kultur Etxean, 10:00-14:00 ordutegian, eta eguenetan Galdakaoko anbulatorioan, 16:00-20:00 ordutegian. Aperribain ere eskainiko da zerbitzua, baina oraindik zehazteke daude ordutegiak.
«Gogorarazi nahi dugu jarduera fisikoak gaixotasunen prebentzioan lagundu ahal duela», nabarmendu du Nagore Aio Osakidetzaren ordezkari eta Galdakaoko anbulatorioko erizainburuak.
Saioetan orientatzaileak laguntza eskainiko du, beti pertsona bakoitzaren beharrak eta lehentasunak aintzat hartuz. «Zuretzat egokiena den jarduera identifikatuko du, programa bat proposatuz, geroago modu autonomoan egiteko», adierazi du Mikel Urban Galdakaoko zerbitzua kudeatuko duen Mugikon taldearen ordezkariak.
Saioetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta 671719933 telefonora deituz edo jon.oteo@mugikon.com helbidera idatziz egin daiteke.
Hemen Dalda Baraiazarra Mugiment proiektuaren Idazkaritza Teknikoko ordezkariaren eta Mikel Urban zerbitzua kudeatuko duen Mugikon taldearen ordezkariaren hitzak egitasmoaren inguruan: