Hasi dira ipuin kontaketa musikatuak herrietako liburutegietan
Literatura
BINKE / 2022ko apirila
Hasi dira ipuin kontaketa musikatuak herrietako liburutegietan
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Sorgina Txirulina
Atzo antolatu zuten Argizai Eskaut Taldekoek ipuin kontaketa musikatuaren lehenengo saioa Usansoloko liburutegian, gaur Torrezabal Kultur Etxean eskainiko da eta bihar Aperribaiko liburutegian.
Galdakaoko Udalak, Argizai Eskaut Taldearekin batera ipuin kontaketa musikatuen saioak antolatu ditu umeentzako. Atzo, hilak 26, Usansoloko liburutegian eskaini zen lehenengo saioa 17:30ean, gaur bigarren saioa eskainiko da Torrezabal Kultur Etxean eta bihar azken saioa antolatuko dute Aperribaiko liburutegian, denak ordu berean.
Ordubeteko saioak dira, hau da, 18:30ean amaitzen dira guztiak, eta helburu nagusia umeen artean irakurzaletasuna sustatzea da. Ekintza hau, Sorgina Txirulinak eskainiko du, Erica Liquete ipuinlari eta ipuin kontalari euskaldunberri eta euskaltzaleak hain zuzen ere. 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako zuzenduta dauden ekintzak prestatzen ditu eta gure herrietan eskaintzen ari den tailerretan, musikari ere garrantzi handia ematen dio, zeharkako txirulaz baliatuta.
Aste honetako ekintzez gain, ondoko ekintzak ere dituzte aurreikusita Udalak eta Argizaikoek:
- Txotxongilo tailerra:
- Maiatzak 10, 17:30. Torrezabal Kultur Etxean.
- Maiatzak 11, 17:30. Usansoloko liburutegian.
- Maiatzak 12, 17:30. Aperribaiko liburutegian.
- Gynkana liburutegian:
- Ekainak 7, 17:30. Torrezabal Kultur Etxean.
- Ekainak 8, 17:30. Usansoloko liburutegian.
- Ekainak 9, 17:30. Aperribaiko liburutegian.