Obrak
BINKE / 2022ko maiatza

Hasi dira Urreta eta Tximiolarreren arteko igogailua eraikitzen

TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala

Astelehen honetan, maiatzak 9, hasi dira Urreta eta Tximiolarre auzoak batuko dituen igogailua eraikitzen eta sei hilabete gutxienez iraungo dituela aurreikusten du Galdakaoko Udalak.

Hasi dira astelehen honetan, maiatzak 9, Urretatik Tximiolarregoikora joango den igogailua eraikitzeko obrekin. Proiektua lehenago hastea aurreikusita zegoen arren, Iberdrolak bertan argindar linea du eta lanak gauzatu ahal izateko hauxe lurperatu behar izan dute.

Lan hauek dakartzaten zailtasunengatik, proiektuak sei hilabete gutxienez irautea kalkulatzen du Galdakaoko Udalak, eta irauten duen bitartean Tximiolarregoikoa eta Kolitza Mendi kalea lotzen dituen bidea moztuta egongo da. «Ibilgailuek ezingo dute Tximiolarregoikoa eta Urreta arteko joan-etorririk egin eta bertan aparkatzea ere debekatuta egongo da», azaldu du Udalak.

Bertako auzokoentzako eragozpena izango dela onartzen du Udalak, «baina onura nabarmena izango dela» aipatu gura izan du. Igogailuaren zerbitzuak bizilagunei erraztasunak ekarriko dizkiela uste du eta irisgarritasuna «bereziki zaila» den eremu horiek herriaren zentroarekin hobeto komunikatuko dituela, batez ere, adineko pertsona asko bizi direlako gune horretan eta iristeko malda handiak daudelako.

Azpiegitura berri hau eraikitzeko kostu totala 529.000 eurokoa izatea sinatu du Udalak.