Iritzia
Ander Aperribai Barrenetxea
BINKE / 2021eko otsaila

Hemen torturatu da

ETA erakundeak 2011ko urriaren 20an iragarri zuen behin betiko su etena, Aieteko Konferentzia eta hiru egunetara, alegia. Estatuek garaile eta garaituen paradigman jarraitzeko apustua egin zuten, horrelako gatazka bati irtenbidea emateko behar zen bake prozesu bati ateak itxiz. Honek, ziklo politiko berri bat ireki zuen Euskal Herrian, nahiz eta argi ikusi zen, estatuen aldetik, haien nahia gatazka politiko eta militarraren parametroetan jarraitzea zela. Gauzak horrela, aldebakartasunez, ETA erakundeak, gizarte zibilaren laguntzaz 2017ko apirilaren 8an behin betiko armagabetzea gauzatu zuen. Milaka pertsona, Baionan elkartu ziren armagabetzea babesteko eta bake prozesu bati bultzada emateko. Urte bat beranduago, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere ibilbide politikoari amaiera eman zion.

Ezker Abertzaleak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), pauso adierazgarriak eman izan ditu urte hauetan guztietan zehar bake prozesua gauzatzera bidean, egindako minaren aitortza eginez besteak beste. Ia 10 urte bete dira ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta estatuek ezer gutxi egin dute Euskal Herrian bakea eta bizikidetza lortzera begira. Etengabe pauso berriak eskatzen dizkiote Ezker Abertzaleari edo EPPKri, baina haiek garaile eta garaituen paradigman jarraitzen dute: dispertsio politika mantentzen dute, gradu progresioak ukatzen dituzte, frantziar estatuan betetako espetxe urteak ez dituzte kontuan hartzen, eta gaur ezin aipatu gabe utzi, tortura modu orokortu eta sistematizatuan erabili izan dutela ez dute onartzen eta hau berriro errepikatuko ez denaren bermerik ez dute ematen.

Gaurko egunez, 40 urte bete dira Joxe Arregi gazte zizurkildarra torturen ondorioz hil zela Carabanchelgo (Madril) espetxe-ospitaleko zelda bakarti batean. 1981eko otsailaren 4an atxilotu zuen Arregi Espainiako Poliziak, ETA erakundearekin zerikusia zuelakoan. Bederatzi egun luzez torturatu zuten. «Oso latza izan da!»  xuxurlatu zien Joxe Arregik berarekin zeldan aurkitzen ziren gainontzeko hiru presoei. Hurrengo egunean, otsailaren 13an, bere bihotza behin betiko itzali zen. Geroztik, otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian.

Esan dezakegu, Gaztelako inkisizio santuaren garaietatik hasi, eta gaur egunera arteko  ibilbidean, arma politiko bezala erabili dutela tortura, modu sistematiko eta orokortuan. Torturak pairatutako askok, infernura eginiko bidaia bezala definitu izan dute pairaturiko sufrimendua. Badira ere, infernu hori gainditu ezin izan zuten pertsonak. 1981 geroztik, Joxe Arregiz gain, beste lau euskal herritar hil dira torturen ondorioz: Esteban Maruetagoeina 1982an, Mikel Zabalza 1885ean, eta Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro 1993an.

Euskal Memoria Fundazioaren ikerketen arabera, 1958tik 2014 bitartera 5.653 tortura kasu eman dira Euskal Gatazkarekin zerikusia izan dutenak. Kopuru hauek gainera, izeberg-aren punta besterik ez dira. Hortaz, datuak antzemanda, adierazi dezakegu urte hauetan zehar Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak zigorgabetasun eta inpunitate osoz torturatu dutela.

Datuak Galdakaora ekarriz, 1980. urteaz geroztik 30 galdakoztarrek torturak salatu dituzte haien atxiloketetan. 30 kasu hauetatik, 17 kasutan erantzulea Guardia Zibila izan da, hirutan Espainiako Polizia eta zortzi kasutan aldiz Ertzaintza. 

Urte guzti hauetan zehar, Espainiako Auzitegi Gorenak, 20 aldiz soilik kondenatu izan ditu torturen arduradunak. Osotara, 49 funtzionario —Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak— kondenatuak izan dira 31 euskal herritarren kontra tratu txarrak emateagatik hauek inkomunikazio egoeran zeuden bitartean. Hala ere, kondenaturiko funtzionarioen %50 indultatuak izan ziren kondenatu eta denbora gutxira, eta gainontzekoek oso denbora gutxi eman zuten espetxean. Hauetako gehienak gainera, haien lanpostuetara itzuli ziren gero.

Adibide bat ematearren, Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibil famatu eta kondekoratuaren istorioa. 1997. urtean lau urteko espetxe zigorrera eta sei urteko inhabilitaziora kondenatua izan zen 1992an Kepa Urra euskal preso politikoa gogorki torturatzeagatik. Ez zuen espetxea zapaldu, eta 1999an Jose Maria Aznar buru zuen gobernuak indultatu egin zuen. Bere lanpostura itzuli zen, komandante izendatu zuten, eta urte batzuk beranduago UCO Unidad Central Operatibako buru izatera heldu zen.

Torturatzaileez hitz egiten badugu, ezin ditugu aipatu gabe utzi, Antonio Gonzalez Pacheco «Billy el Niño» edota Jesus Muñecas Aguilar «El Muñecas». Lehenengoa, Espainiako Poliziako kide izan zen, eta frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian hamarnaka euskal herritar torturatu zituen. Bigarrena, Guardia Zibileko kapitain erretiratua da. 60 eta 70. hamarkadetan dozenaka euskal herritar torturatu zituen, eta Anparo Arangoaren torturen arduradun zuzena da, kasu honen argazkiek oihartzun handia izan zutelarik nazioartean. 1981eko otsailaren 23an Antonio Tejeroren estatu kolpe saiakera babestu zuen. Espainiak ezer gutxi egin du bi hauen jokabide krudela epaitzeko. Argentinatik etorri behar izan da justizia eta erreparaziorako eskabidea, Maria Servini epaileak deklaratzera deitu zituelarik frankismo garaian «gizateriaren kontrako krimenak» egiteagatik, hau da, herritarrak torturatzeagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak aldiz, bi torturatzaileen kontrako estradizio eskaerak errefusatu zituen.

2017. urtean, Paco Etxebarriak gidaturik IVAC-KREI institutuak EHU eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 txostena argitaratu zuen. Bertan, euskal jendarteak aspaldidanik zekiena zientifikoki argitara eman zen. EAEn bizi ziren pertsonen kontra egindako tortura kasuak ikertu ziren.

Beldurgarria da erradiografia: 4.113 tortura kasu, 3.415 pertsonari. Torturatuen %83 gizonezkoak dira, eta %17 aldiz emakumeak. Tortura kasu gehien dituen indar poliziala Guardia Zibila da, 1.792 kasurekin. Espainiako Poliziari, 1.785 kasu egozten zaizkio, eta Ertzaintzari aldiz 336. Txostenean gainera, agerian uzten da ez zutela ezer egin gaitz horrekin amaitzeko aukera zuten guztiek: epaileek, forentseek, politikariek, komunikabideek…

Epaileen kasuan zentratuz, aipatzekoa da Estrasburgon kokatzen den Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 11 aldiz kondenatu duela Espainiako Gobernua «tortura salaketak ez ikertzeagatik». Hamaika kasu horietatik, sei kasutan gaur egun Barne Arazoetako ministroa den Fernando Grande Marlaska izan zen atxiloketa agindu zuen epailea, hau da, atxilotuen segurtasun eta integritate fisikoaz arduratu behar zen pertsona. Honek, tortura salaketetan beste alde batera begiratu zuen. Begi bistakoa da gobernu «ezkertiar eta aurrerakoi» honetako Barne Arazoetako ministroa erabat inplikatua egon dela torturaren erabilpenean.

Gaur egun torturaren inpunitate eta erabileraren ondorioak nabarmenak dira, oso. Espetxeetan gatibu dauden pertsona gehienen aurkako akusazioak torturen eraginez sortuak direlako, alegia. Hori gutxi ez, eta Auzitegi Nazionalean martxan diren epaiketa gehienetan eta etorriko direnetan ere, torturaren mamu beldurgarria ageri zaigu. Oraindik ere torturaren erabilera ahalbideratzen duten legedi eta egiturek bere horretan jarraitzen dute. Beraz, torturaren itzal luzeak bizi-bizirik darrai; iraganean egin bezala, oraina baldintzatzen jarraitzen du.

Ezin da aipatu gabe utzi urte hauetan torturatuak izan diren pertsonek pairatu  duten sufrimendua eta honek utzitako aztarna psikologikoa. Pertsona horien sufrimendua aitortzeko eta horiei erreparaziorako mekanismoak martxan jartzeko unea da. Eta batik bat, ziurtatzeko berriro inongo komisaldegitan horrelako krudelkeriarik ez dela emango. Zentzu horretan, hori ekidingo duten mekanismoak martxan jartzea ezinbestekoa da. 

Normalizazio politikoaren bidean pausu asko daude oraindik emateke. Eta bide honetan, ezinezkoa izango da irekita dauden zaurien gainean etorkizun eta elkarbizitza sano eta justu bat eraikitzea. Ezkerreko euskal independentismoa modu basatian torturatua izan da. Zauri hori itxi beharra dago, eta horretarako, Egia, Aitortza, Erreparazioa eta berriro gertatuko ez denaren bermea behar dira nahitaez.