Ibilgailuak
BINKE / 2021eko uztaila

Hutsik dauden udal aparkalekuak 30€ko alokairuan jarriko dira herritarren eskura

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala

Hutsik dauden 289 aparkaleku publikoak hilero 30€tan alokatzeko aukera eskainiko du Galdakaoko Udalak, eta horietan izena emateko aukera gaur ireki da, uztailak 13, hilaren 30 bitarte.

Galdakaoko Udalak lurrazpiko bost parking publiko ditu. Orain arte, 40 urteko kontzesioan eman izan zaio eskatu duen herritarrari aparkaleku bakoitza, trukean 14.000€ ordainduta. Udal Gobernuaren ustez, «aukera desegokia eta garestia da herritar askorentzat, urtetan hutsik dauden aparkaleku ugariek erakusten dutenez».

Horrela ba, Udalak alokairu hori beste modu batean egitea erabaki du, uztailaren 9an Iñigo Hernando alkateak, Javier Ibarretxe Ondare zinegotziak eta Leire Sologaistua Udaleko Ondare arloko arduradunak azaldu zuten bezala: «Lurrazpiko parkingetan hutsik dagozan 289 aparkalekuak alokairuan ipiniko doguz, herritarrentzat eskuragarri dan prezioan».

Prezio hori 30€koa izango da hilean. Berez, aurreko Udal Gobernuak eskaintzen zuen hileroko prezio berean, baina 40 urteko eta 14.000 euroko konpromisoa hartu behar izan gabe.

«Guztientzako lekua badago, zuzenean egingo dogu banaketa», adierazi zuten prentsaurrekoan, «eta plaza baino eskatzaile gehiago badagoz, zozketa bidez erabakiko dogu nori emon aparkaleku bakotxa eta parking bakotxean». Herritar bakoitzak parking bat aukeratu behar du eskaera egiten duenean.

Eskaera egiteko epea gaur ireki da, uztailak 13 dituela, eta hilaren azken egunean amaituko da. Esan bulegoaren bidez edo Galdakaoko Udalaren webguneko Egoitza Elektronikoaren bidez egin beharko da eskaera, eta hauek dira parking bakoitzean banatuko diren plaza kopuruak:

  • Laminarrieta (Usansolo): 49.
  • Paopa (Urreta): 127 —horietatik lau mugikortasun urriko pertsonentzat—.
  • Lapurdi: 75 —horietatik lau mugikortasun urriko pertsonentzat—.
  • Iturrondo: 26 ­—horietatik­ hiru mugikortasun urriko pertsonentzat—.
  • Berezikoetxe: 12 —horietatik bakarra mugikortasun urriko pertsonentzat—.

Parking bakoitzean Galdakaon eta Usansolon erroldatutakoek izango dute lehentasuna, baina aparkalekuak hutsik geratuko balira, bertan lan egiten dutenek ere izango dute alokairurako eskubidea.

Eskubide hori, bertakoa zein kanpokoa izan, urtebetekoa izango da —gehienez beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin—, eta ordainketak sei hilabetero egingo dira: urtean, 180 euroko bi ordainketa. Komunitateko gastuak aparte ordaindu beharko dizkio erabiltzaile bakoitzak dagokion parkingari.