Ibilaldiaren lekukoa hartu du gaur Getxon Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Albistegiak ETB
Getxon antolatu da gaur Ibilaldia, eta bertako hasiera-ekitaldian Eguzkibegi Ikastolako Itxaso Etxebarria zuzendariak hartu du 2025eko edizioa antolatzeko lekukoa.
Euskararen eta Bizkaiko ikastolen aldeko jaia antolatu da gaur Getxon, Ibilaldia. Egun osoz berrogei ekintzatik gora eskaini ditu Algortako San Nikolas Ikastolak, lau gunetan banatuta. Baina eskaintza zabal horri ekin aurretik, urteroko hitzordu garrantzitsu honek ohi duen hasiera-ekitaldia egin du.
Hasiera-ekitaldian erakundeetako ordezkariek, ikastolako arduradunek, ikasleek eta beste zenbait euskaltzalek hartu dute parte. Eta amaieran datorren urterako Ibilaldia antolatzeko lekukoa Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolari eman diote.
Eguzkibegiren ordezkari Itxaso Etxebarria zuzendaria izan da Getxon, eta berak hartu du datorren urtean Ibilaldia jaia Galdakaon antolatzearen ardura. «Gaur txonbo, eta datorren urtean danok Galdakaora!» esan du Etxebarriak Getxoko Ibilaldiaren hasiera-ekitaldian.
Ibilaldia 2025eko aurkezpena datorren ekainaren 15ean egingo du Eguzkibegi Ikastolak, eta dagoeneko hasi dira berau antolatzeko batzordeak osatzen.