Politika
BINKE / 2021eko apirila

Ibon Garcia zinegotziak dimisioa eman du gutun honen bidez

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala

Sareetan zabaldutako bideo batek Ibon Garcia Galdakaoko Udalaren Jaiak, Gazteria eta Kirol zinegotziak dimisioa ematea ekarri du gaur, eta gutun honen bidez eman du horren berri.

«Aurreko asteburuan, egun dauden neurri soziosanitarioak ez ditudalako bete» aurkeztu dio dimisioa gaur, martitzena, Ibon García Uriarte Jaiak, Gazteria eta Kirol zinegotziak Galdakaoko alkateari.

Etxe partikular batean eta lau pertsonatik gorako «jai» batean agertzen zen bideo bat zabaldu da sare sozialen bidez. Eta horren ondorio eman du dimisioa gaur Ibon Garciak, Galdakaoko udalbatzako zinegotzi gazteenak. Herriari mezu honen bidez azaldu dio hartutako erabakiaren zergatia:

Gaur Galdakaoko zinegotzi bezala dimisioa eman dut aurreko asteburuan egun dauden neurri soziosanitarioak ez ditudalako bete. Egindako akatsaren ondorioz, alkateari jakinarazi diot kargua uzten dudala eta berak onartu egin du.

Ohar honen bitartez barkamena eskatzen dut. Bizi dugun egoerak jarrera arduratsua eskatzen du denon aldetik, batez ere kargu publikoen aldetik. 

Eskerrak eman nahi dizkiet sei urteotan Galdakao hobetzeko proiektua nirekin partekatu duten guztiei.

Ibon Garcia.

Galdakaon, 2021eko apirilaren 20an.

Binkek berarekin hitz egiteko aukera izan du, eta konfirmatu egin dio hedabide honi sareetatik dabilen mezua berea dena. Hemendik aurrerako asmoen inguruan galdetuta, zinegotzi ohiak zera esan dio Binkeri: «Bizitzarekin jarraitu eta noski, Galdakao hobetzen jarraitu edozein lekutan egonda ere. Eskerrik asko».

Alkateak onartu egin du García Uriarteren dimisioa eta «aztertzen ari dira dimisio hori ahalik eta arinen zelan gauzatu», Udalak Binkeri azaldu dionaren arabera.