Isabel Brazalek hartu du Izagirrek Galdakaoko EAJn utzitako lekua
Politika
BINKE / 2022ko ekaina
Isabel Brazalek hartu du Izagirrek Galdakaoko EAJn utzitako lekua
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Sareetatik
Apirilean Fernando Izagirrek dimisioa aurkeztu zuenetik hutsik egon da hark utzitako zinegotzi lekua, eta Isabel Brazal galdakoztarrak hartu du kargua, eguen goizean egindako ezohiko osoko bilkuran.
Fernando Izagirrek apirila amaieran aurkeztutako dimisioaren ostean hutsik egon da Aperribaikoak utzitako zinegotziaren lekua. Hutsune hori betetzeko Isabel Brazal Menendezek hartu du kargua, eguen honetan Galdakaoko udalbatzak egindako ezohiko osoko bilkuran.
Brazal zazpigarren izan zen Fernando Izagirre buru zuen 2019ko hauteskundeetako zerrendan, eta bere aurreko guztiak dagoeneko zinegotzi izanda, EAJ-k bere konfiantzan laga du Izagirrek utzitako lekua. Hala ere, aperribaitarra bozeramaile bazen ere, Brazalek ez du bozeramaile lanik egingo. Lan hori Ainhoa Agirregoikoak egingo du —zerrendan bigarren izan zenak—, eta orain arte bezala, Aintzane Urkizak —zerrendan hirugarren izan zenak— jarraituko du alderdiko lanak liberatu gisa egiten.
Isabel Brazalek ez du orain arte kargu publikorik hartu, baina gertutik bizi izan du udalerriko politika, EAJren barnean urteak daramatza eta senarra —Carlos Agirrezabal Alkauzar— Kirol zinegotzi izan zen Galdakaoko Udalean Ibon Uriberen garaian.
Albiste honekin lotuta…
Fernando Izagirrek dimisioa eman du Galdakaon eta Eusko Jaurlaritzan