Itziar Atienza galdakoztarra Jose Coronadorekin filmatzen ari da «Entrevías» telesailean
Ikus-entzunezkoak
BINKE / 2021eko ekaina
Itziar Atienza galdakoztarra Jose Coronadorekin filmatzen ari da «Entrevías» telesailean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aktoreen sareetatik hartuta
Itziar Atienza aktore galdakoztarra José Coronadoren «Entrevías» telesail berrian lanean ari da, Amanda inspektore buruaren paperean. Egunotan ari dira Madrilen filmatzen, eta lehenego aldia da Atienzak Coronadorekin lan egiten duena. Lan berriaz hitz egin dugu berarekin.
Aitor Gabilondo zinema zuzendari gipuzkoarrak —«Madres», «Besos al aire», «Vivir sin permiso» eta «Patria» gidatu ostean— bere lan berria filmatzeari ekin zion otsailean: «Entrevías» telesaila. David Bermejorekin elkarlanean gidatzen ari den lan hau Mediasetentzat ari dira ekoizten, eta José Coronado aktore espainiar ezaguna izango du protagonista.
Ordea, orain gutxi jakin du Binkek Itziar Atienza aktore galdakoztarra ere bertan ari dela parte hartzen, eta Atienza ere ari da dagoeneko grabaketetan, drama, akzioa eta umore ukitu batzuk izango dituen film luzean.
Tirso Abantos militar ohia izango da Coronado telesailean, auzoko burdindegian lan egiten duena eta bizimodu lasaia daramana. Baina bere lehentasunak aldatu beharko ditu protagonistak, bere biloba Irene —Nona Sobo aktore gaztea— laguntzeko, bertako gaizkileekin arazoetan sartu den nerabe vietnamdar bat delako. Auzo arazotsu bateko bizimoduaren erretratu errealista eskaini eta belaunaldien arteko arrakala, balioen krisia eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza bezalako gaiak ukituko dituzte «Entrevías»-en.
Tirso «laguntzen» Ezequiel —Luis Zahera— polizia ustela izango da, baina ez du afera erraza izango ez batak ez besteak, hortxe izango delako Amanda —Itziar Atienza— inspektore burua, auzoan legea betearazteko prest etorriko dena.
Oraindik ez dute gehiagorik aurreratu telesailaren inguruan, eta Atienzak berak ere Binkeri aitortu dio oraindik ez dutela estreinaldirako data zehatzik. Madrilen grabatzen ari dira Entrevías izen bereko auzoan eta Vallecas inguruan, eta lehenengo aldia du aktore galdakoztarrak bai José Coronadorekin zein Luis Zaherarekin lanean.