Izaskun Rekalde omenduko da Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian, Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE Jabi Rojo
Domekan, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko da eta Galdakaon egitarau zabala antolatu da honen harira. Ekitaldi nagusia egun horretan izango da Torrezabalen eta Izaskun Rekalde usansolotarra omenduko da hitzorduan, euskararen alde egindako lanagatik. Saioa doakoa izango da baina gonbidapena deskargatu behar da Torrezabaleko saioetarako sarrerak eskuratzen diren ohiko webgunetik.
Galdakaok bat egingo du aurten ere Euskararen Egunarekin. Abenduaren 3an urtero ospatzen den jaiak hizkuntzaren erabilera aldarrikatuko du beste behin eta Galdakaon egitarau zabala antolatu da horretarako.
BINKEk jaso duen moduan, aste osoan zehar izango dira ekintzak eta abenduaren 3an bertan egingo da ekitaldi nagusia Torrezabal Kultur Etxean. Hitzorduan Galdakaok euskararen alde egiteko hartzen dituen konpromisoak azalduko dira eta ‘Hauspotu’ egitasmo berria aurkeztuko da.
Halaber, Izaskun Rekalde usansolotarrari omenaldia egingo zaio, euskararen alde egindako lanagatik. Saioan Pantxoa musikariak, Arkaitz Estiballes bertsolariak eta beste hainbatek parte hartuko dute. Saioa doakoa izango da baina gonbidapena deskargatu behar da Torrezabaleko saioetarako sarrerak eskuratzen diren ohiko webgunean.
Rekalde 45 urte zituela hil zen ekainean, hiru seme-alaben ama. Usansolotarra ezagun izan da euskararen alde egin duen lan militanteagatik. Besteak beste, BINKEren sortzaileetariko bat izan zen, baita Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenetako sortzailea ere.
Lanbidez eta ikasketaz, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua, Doktorego Sari Berezia 2019an, ICF Coach Exekutiboa eta azken urteetan Lanbide Heziketan eta EHUn irakasle ibili zen.
Urte honetako otsailean BINKEko portada izan zen Rekalde Abasolo.