Janire Landaluze, ELAren Azterketa Bulegoko Gizarte Politiken koordinatzailea
BINKE / 2021eko otsaila

«Aita izan da borrokatzeak merezi duela erakutsi didan lehena»

Janire Landaluze Perez
1978, Galdakao

Zuzenbidean lizentziatua eta Lan Osasun eta Segurtasunean goi mailako teknikaria da Landaluze. ELA sindikatuan 18 urte daramatza, abokatua zein Ingurumen, Lan Osasun eta Segurtasun arduradun konfederala izan da. Gaur egun Azterketa Bulegoko Gizarte Politiken koordinatzaile dabil. Gainera, abokatu izan gura duten ikasleen irakasle ere bada eta azken bi urteetan Galdakaoko Adiskide pilota elkarteko presidente, besteak beste.

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria

Gelditzeko denborarik ez duen horietarikoa da hilabeteko protagonista nagusia, eta Galdakaon askok jakingo du Adiskide pilota elkarteko presidente dena, baina beste askok agian ez du jakingo ELA sindikatuan ardura handia duen emakumea denik. Eta historia egin duen pertsona ere bada: Eusko Legebiltzarreko atrilean hitza hartu duen lehenengo herritarra izan zelako.

Ez dira garai onak izango langile askorentzat. Ez, langileok orokorrean urteak daramatzagu egoera txarrak pairatzen. 2008ko krisiaz geroztik asko izan dira bidean geratu diren langileak edo pandemia heldu aurretik jada oraindik krisiaren aurretiko egoera berreskuratu ez zituztenak, eta pandemiak langileak are gehiago jipoitu du. Argitaratutako azken datuen arabera langabeziak urtarrilean gora egin du Hego Euskal Herrian, 2.578 pertsona gehiago daude langabezian eta langabetuen %56 emakumeak dira. Ez hori bakarrik, erregistratutako kontratuen %91,8 behin behinekoak dira eta prekarioak. Gaur egun gero eta langile pobre gehiago dago.

Covid-aren garaian beraz, langileen eskubideak indartu ala ahuldu egin dira? Covid garaiak, krisi garaia den heinean, betikoei eragin diela esango nuke. Pandemia hasi zenean lanpostuetan orokorrean ez zen osasun neurririk hartu, asko izan ziren EPIrik gabe lan egin zuten langileak. ERTEak asko izan dira, oraindik ikustear dago ERTE horiek bukatzean zer gertatuko den… Hori, eta zerbitzu publikoan gertatutakoa ikusita, argi dagoena da ahulduta egon diren sistemaren gabeziak agerian utzi dituela pandemiak.

Pandemia bera, kaleratzeak argudiatzeko arrazoi bezala erabili dela uste duzu? Kaleratzeak argudiatzeko ez dakit, baina bidezkoak ez diren erabakiak hartzeko bai baliatu da pandemia.

ELAren Azterketa Bulegoko Gizarte Politiken koordinatzailea zara. Zer esan gura du horrek zehazki? Sindikatua orokorrean lan baldintzekin eta hauteskunde sindikalekin lotuta dago, baina askoz gehiago dago atzetik. Langileari —herritarra den heinean— erabakitzen diren politika guztiek eragiten diote, eta asko. Gizarte prestazioak —diru sarrerarik ez izatekotan edo nahikoak ez baditu—, etxebizitza politikak, osasungintza politikak, hezkuntza politikak, pentsio erreformak, aurrekontuak, lan erreformak, negoziazio kolektiboko erreformak… Denak baldintzatzen du gure bizitza. Eta nire lana Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuek martxan jartzen dituzten legeak aztertzea eta baloratzea da.

Eta zelan iritsi zara ardura hori izatera? Abokatu hasi nintzen sindikatuan, baina beti gai sozialak eta politikoak interesatu zaizkit. Bestelako gizarte bat posiblea dela uste dut eta nire lanarekin modu batean edo bestean eraldaketan eragin dezakedalakoan nago.

Zelan ba sindikalista? Etxean ikusitakoa eta bizitakoa geratu egiten da. Abokatutza ikasi nuenean argi neukan lan zuzenbidea nuela gustokoen, eta abokatu laboralista izaten ikasteko non sindikatu batean baino hobe. Gainera etxean sindikalista eta militante sutsua nuen aita. Bera izan da borrokatzeak merezi duela erakutsi didan lehena. Eztabaida irabazi edo galdu egin daiteke, baina bidean beti irabazten
da zerbait. 

Zergatik ELAn eta ez beste batean? ELAk argi dauka egin beharreko sindikalismoa: klasekoa, indarrean dagoen ereduaren guztiz kontrakoa dena eta eraldaketa sozial, ekologikoa, femininista eta demokratikoan oinarri duena.

Sindikatuak alderdi politikoekin oso lerrokatuta daudela uste duzu? Denetarik dago, baina argi dagoena da lerrokatuta egoteak independentzia galtzera eramaten zaituela, eta sindikatua —eragile sozial eta politiko moduan ulertuta— independentzia politikorik gabe, galduta dago.

Baina joko politikoa behintzat egiten duzue… Noski! Hori ere gure egitekoa delako. Askok ezetz diote, alderdi politiko bat ez garelako, baina erabakitzen diren politikek gizartea baldintzatzen dutenez guk gurean jarraituko dugu. Jende asko daukagu atzetik eta argi daukaguna da guk jendearekin egon behar dugula, beraien eskubideen defentsan.

Zergatik eman behar du langile batek sindikatuan izena? Sindikatua guztiz beharrezkoa da. Topikoak alde batera utzita, kriston lana egiten da, enpresaz enpresa langileen lan baldintzen defentsan. Langileak afiliatzea, antolatzea dakar, borrokatzea eta ahalduntzea. Eta hori ezinbestekoa da.

Langile batek arrazoirik ez badu, bere alde borrokatu behar duzue nahitaez? Abokatu bezala esango nuke, defentsa beti bermatu beharra dagoela, baina horrek ez du esan nahi edozein kasutan sindikatuaren artileria guztia martxan jarriko denik.

Gizarte Politiketan zara aditua, «gizartea» ez al da ba batzen gaituen dena? Bai, baina asko dira desorekak. Legebiltzarrera noan bakoitzen batez ere horrela sentitzen dut askotan. Alderdi politikoak, batez ere gobernatzen dutenak, gizartetik oso aldenduak daudela uste dut. Eragile sozial eta sindikalok egunero jendeak pairatzen dituen egoerak plazaratu eta salatzen ditugu, eta gizartea ulertzeko dugun modua oso ezberdina da. Bi mundu ezberdinetan bizi garela ematen du. Gizarte eredu oso ezberdinak ditugu, eta horri politikariek egia esateari beldurra galdu behar diotela gehitzen badiozu… 

Baina guk aukeratu ditugu ordezkari politikoak. Hori bai, argudio horrekin konpontzen dute dena. Eta argudio horrek nahi dutena egiteko balio diela pentsatzea edo aho handiarekin esatea niretzat onartzeina da. 

Zelan ikusten duzu pentsiodunen egoera eta hauen mugimendua? Miresgarria da pentsionisten mugimendua, eta beraiekin lan egiteko ohorea daukat. Igartzen da borrokan ibilitako belaunaldiak direla, badakitela modu batean edo bestean kalean egotearen beharra eta indarra… Eta aldaketa hortik bakarrik etorriko dela. Adibide ezinhobea dira gazteentzat.

Bestetik, emakumea zara eta ama. Sindikalista izanda kontziliazioa behintzat bermatuta izango duzu, ezta? Aix militantzia! (barreka) Emakume eta ama langile moduan bermatuta daukat nire mutilak ere kontziliazio lana bere egiten duelako, nire gurasoek eta bereek laguntzen gaituztelako! (barreka) Kontziliazio politikak ez dira nahikoak. Gainera sindikalismoak eta gai hauetan ibiltzeak militatzea ere eskatzen du. Militatzeak aberasten du, baina gogorra ere bada.

Zaharren egoitzetako arazoa gertutik jarraitzeko aukerarik izan duzu? Hori bai ahalduntze esperientzia ezin hobea! Sektore prekarioa, feminizatua, lanaldi ulertezinekin, soldata baxuekin, asko azpikontratatuak, enpresa pribatu eta Aldundia tarteko… eta irabazi genuen! Urte eta erdi greban egon ondoren konfliktoa irabazi zen baina bidean ikasitako guztia are gehiago izan zen, horregatik merezi du sindikatuak, borrokatzeak, antolatzeak! 

Eta pilotarien aferan ere izan duzu esku-hartzerik? Esku-hartze zuzenik ez. Baina hori ere afera polita izan da, ikuspuntu juridiko zein sindikaletik. Greba guztietan gertatzen den bezala, horretan ere hasieran enpresak pelotariek eta sindikatuek zioten guztia gezurra zela esan zuen… guztia onartzeko azkenik. Pilotariak elkarrekin egotea ezinbestekoa izan zen.

Sindikatu eta eragile desberdinen ahotan, gastu sozialean egiten diren murrizketak aspalditik datoz. Noiz arte? Aurrekontuetan urtero igoera ematen dela esaten badute ere, hori ez da egia. Pandemiak hori izan du «ona»: agerian utzi ditu gabeziak osasungintzan, zaintzan, hezkuntzan… Eredu baten ondorio dira murrizketak.

Murrizketa horrek azaltzerik bai? Adibide bat: 2018an —azken datu konparatiboak dira— EAEk osasunean egindako gastua BPGaren %4,81ekoa izan zen. Europar Batasuneko 28en bataz bestekoa %7,1ekoa, aldea %2,3koa izanik. Europako ekonomiarik aurreratuenek %7 baino gehiago gastatu zuten osasunean, eta Danimarka izan zen baliabide gehien bideratu zituen herrialdea (%8,3). BPGaren %2,3ko alde horrek, Europako batez bestekoarekin alderatuta, 1.810 milioi gehiago ekarriko lituzke 2021eko aurrekontuan osasunean, eta horrek %43 handituko luke partida hori. Datu horiek erakusten dute osasunera bideratzen diren baliabideak ez direla nahikoak eta zergatik EAE arlo honetan Europako azken muturrean dagoen. Eusko Jaurlaritzak horretan jarraituko badu, erantzuna kalean eman beharra dago. Hezkuntzan, osasungintzan eta zaintzan mobilizazio eta greba egunak egon dira, eta askoren uztetan ez zen horretarako sasoia, baina noiz orain baino hobe?

Non dago, zure ustez, zor publikoaren eta gastu sozialaren arteko oreka? Arazoa diru-bilketan dago. Zorra gero eta handiagoa da eta ez da zorpetze hori zalantzan jartzen. Gobernua beti zorpetzen da. Zorra ez da zalantzan jartzen, Espainiatik eta Europatik ezartzen diren neurri guztiei men egiten zaie… eta hori ez da bidea, erreforma fiskala guztiz beharrezkoa da horri heltzeko.

Erakunde publikoak zorpetuta bizi behar dira derrigorrean? Kontu da non dagoen muga, zorpetu norarte? Eta noren kontura?

Zer da errazagoa, agintaritza publikoarekin ala pribatuarekin negoziatzea? «Enpresaburua» agintaritza publikoa denean, lotsagarriagoa da, murrizketak agerian geratzen direlako guztiz. Eta enpresarioarekin egin beharreko negoziazio hori murrizketetan eta gezurretan oinarrituta badago, beti da zaila. Hala ere, Administrazioan ere 40.000 pertsona langile-egonkor egiteko aldarrikapena dago orain eta erakundeak entzun gura ere ez!

Etxean ere ona izango zara familiarekin negoziatzen! Etxera heldu orduko askotan bakea nahi… baina bai, saiatzen gara! (barreka)

Emakumea, ama, abokatua, sindikalista… Hori gutxi ez, eta Adiskide pilota elkarteko presidente ere bazara, zelan uztartzen duzu dena? Laguntza eske etortzen zaizkizunean ezetz esatea kostatzen zaion horietakoa naiz, baina hor ere asko ikasten nabil. Hala ere, kirol taldeetan, guraso elkarteetan… beti gabiltza berdinak, eta guztiak gara guraso eta langileak; hau da, denbora soberan ez daukagunak. Gune horiek gizartearen ispilu txiki bat dira: konpromisoa izateko, lan egiteko eta eztabaidak ezeren truke sortzeko pertsona gutxi dago prest, baina hori bai, exijentzia maila altua da oso ezer egiten ez dutenen aldetik. •