Aintzatespena
BINKE / 2022ko urtarrila

Javier Bilbao galdakoztarra, AEBtako «Pioneer in Energy Research» saridun

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jorge Navarro

AEBetako American Chemical Society elkarte zientifiko ezagunak energiaren ikerketaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten ikertzaileak saritzen ditu urtero. Aurten Javier Bilbao Elorriaga galdakoztar kimikaria izan da saridunetako bat.

New Yorkeko unibertsitatean 1978. urtean sortu zen eta egoitza gaur egun ere AEBtan duen American Chemical Society elkarte zientifiko bat da. Elkarte honek argitaratzen duen «Energy & Fuels» aldizkari ospetsuak «Pioneer in Energy Research» (PIER) sariak ematen ditu urtero. Sari hauek energiaren ikerketaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten ikertzaileak saritzea du xede.

Bada, aurten —bioenergiaren, bioerregaien eta biofindegiaren arloan— EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedradun den Javier Bilbao Elorriaga galdakoztarra saritu du nazioartean aldizkari honek, «biomasaren eta hondakinen konbertsioan egin duen ekarpen nabarmenagatik».

PIER sari honek 2021ean egindako lanari egin dio aitortza, eta EHUko komunikazio bulegoak halaxe deskribitu du bere katedradun galdakoztarra, hitzez hitz:

«Javier Bilbao Elorriaga UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna eta Prozesu Katalitikoak eta Hondakinen Balorizazioa taldeko koordinatzailea da. Erregaiak, produktu kimikoak eta H2 sortzeko biomasaren eta hondakinen konbertsio katalitikoari buruzko lanak eragin handia izan du nazioartean. 75 bat proiekturen buru izan da eta 150 proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, Estatuko eta Europako erakundeek eta enpresek (Total Petrochemical, Eastman, Johnson Matthey, etab.) finantzatuta. Jarduera horiek guztiek 500 bat ikerketa-artikulu, 8 patente eta ikuskatutako 40 doktoretza-ikasle sortu dituzte. Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ingeniaritza Kimikoko Sari Nazionala (2006) eta Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionalaren I+G+Bko bikaintasunaren saria (2019)  jaso ditu. Bere ibilbide profesional luzean, ekarpen aitzindariak egin ditu prozesu termokimiko eta katalitiko berriak garatzeko, biofindegiko eta hondakinen findegiko plataformen barruan. Haren ekarpenak modelatze zinetikoaren eta katalizatzaile eta erreaktore berrien diseinuaren eremuetara zabaltzen dira».

Zorionak, Javier!