Juan Bautista Uriarte kaleko bi zebrabideetan altuera jarriko du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ibilgailuen abiadura moteldu eta auzokideen segurtasuna hobetzeko helburuz, Galdakaoko Udalak Juan Bautista Uriarte kaleko bi zebrabideei altuera emango die. Halaber, irisgarritasuna hobetzeko, beste kale batzuetako espaloietan beheratzeak jarriko ditu.
Herritarren segurtasuna bermatu nahi du Galdakaoko Udalak eta horreterako autoen abiadura moteltzea beharrezkoa da. Helburu honekin, Juan Bautista Uriarte kaleko bi zebrabide egokituko dituzte, altuera emanez.
Zehazki, Pontzi Zabalaren behealdean dagoen batean eta Udaltzaingoaren egoitzatik Kurtzeara doan zebrabidean egiten ari dira lanak. «Ibilgailuek orduko 30 kilometroko muga duten arren, badira bidea abiadura handiegian igarotzen dutenak, oinezkoen segurtasuna arriskuan jarriz. Iaz, adibidez, istripu eta harrapaketa larriak izan ziren bertan», azpimarratu dute Udaletik.
Bestalde, irisgarritasuna hobetzeko helburuz, espaloietan beheratzeak jartzen jarraitzen dute. Azken lanak Agirre Lehendakariaren parkearen inguruan egiten ari dira.