Kultura
BINKE / 2022ko maiatza

Kaiola Festibaleko seigarren edizioa ohiko izaerara bueltatuko da

TESTUA ETA ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria

Kaiola Festibala datorren asteburuan antolatuko da, ekainak 3 eta 4, Torrezabal Kultur Etxean zortzi talde-bikoterekin. Atzo aurkeztu zuten proiektua Olaia Parra kultur zinegotziak eta Aritza Landaluze jaialdiaren antolatzaileak eta ohiko askatasunez eskainiko dela iragarri zuten.

Kaiola Festibalaren seigarren edizioa ekainaren 3an eta 4an —barikua eta zapatua— eskainiko da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Aurtengo saioan ohiko izaerara bueltatuko dela iragarri zuten atzo Olaia Parra kultur zinegotziak eta Aritza Landaluze jaialdiaren antolatzaileak, ez-ohiko araurik gabe.

Pandemia dela eta, beste hainbat babes neurrirekin batera, azken jaialdian entzuleak eserita egon behar izan ziren eta Euskal Herriko taldez osatu behar izan zen kartela. Esperientzia aberasgarria izan arren, askatasun mugatua izan zuen, horregatik iragarri zuten poztasun osoz aurtengo edizioan berriro ere butakak aretotik kenduko dituztela.

Landaluzek gogotsu azaldu zuen Galdakaon Kaiola Festibalean eskaintzen diren kontzertuak bakarrak direla inprobisazioa asko lantzen delako, izan ere, «batzuk ez dute sekula elkarrekin jo; euren biretan dabiltza Europan bakoitza bere aldetik eta Galdakaon elkartuko dira». Torrezabalen oholtza gainean daudenean «elkarren ondoan jarri, elkarri begiratu eta ea bideak nora eramaten dituzten», horregatik izango dira errepika ezinak.

Edizio hau posible eta «misteriotsua» egingo duten artista eta proiektuak, ondokoak dira, «ezustekoa, intuizioa eta inprobisazio ausarta» bila datozenak:

Ekainak 3, barikua

  • Oren Ambarchi & Crys Cole —Australia eta Kanada—: «Era guztietako soinuak hartzen dituen soinu-lan liluragarria garatzen dute; giro intimo eta hunkigarria. Musika elektroakustikoa, eskuetan, soinu abstraktu bat baino askoz gehiago da».
  • Leila Bordreuil & Chris Corsano & Luke Stewart —EEBB—: «Leila Bordreuil kontraste handiko soinu-esploratzaile bat da. Txelista, konpositore eta artista soinudun frantsesak free jazz, musika klasiko garaikidea eta Noise bezalako diziplina desberdinak intentsitate berarekin nahasten ditu». «Chris Corsano musikariak, 90eko hamarkadaz geroztik, inprobisazio kolektiboaren, free jazzaren, noisearen eta rock abangoardistaren arteko mugan erritmoak eta soinuak esploratzen dihardu». «Luke Stewart kalifikatu du Downbeat Magazine ospetsuak eragin handiena duten 25 jazz-musikarietako bat bezala».
  • Marcia Bassett & Samara Lubelski —EEBB—: «Berorien lan emankor eta sukartsu noise-drone-psikodelikokoetara garamatzaten musika- dimentsio kosmikoko bandak/itxuren komunak dira». «Duo-formatu horretako biolin/gitarra elkarrizketa liluragarrian aurkitu dute, ziurrenik, adierazpenik aberatsena eta pertsonalena».
  • Mazen Kerbaj —Libano—: «Komiki-egilea, artista bisuala eta musikaria da». «Ez da ohiko tronpetista bat; Kaiolan izango duen aktuazioan ikusi ahal izango dugu musikari bat bere instrumentuaren soinuaren mugetara irits daitekeela».

Ekainak 4, zapatua

  • William Parker & Hamid Drake —EEBB—: «William Parker gaur egungo free-jazz-baxista hoberena da Boston Globen arabera musikari, konpositore, poeta, saiakera-gile eta irakasle hau. Bere mailako artista bat izatea ohore ikaragarria da. Are gehiago perkusioaren beste legenda den Hamid Drakerekin batera datorrenean, ospe handiko kolaboratzailez betetako karrera osatuta».
  • Francois J. Bonnet & Stephen O’Malley —Frantzia eta EEBB—: «Recollection GRM eta Spectre Journal zigiluetan parte hartu dute, bai argitalpen-mailan, bai sortzaile gisa». «Oso gutxitan jarduten dute elkarrekin, kontzertu horietako bakoitza apartekoa eta bakarra izaten delarik».
  • Chris Corsano & Dennis Tyfus —EEBB eta Belgika—: Corsano musikari perkusionista da eta Tyfus artista bisual eta musikaria ahotsaren inprobisazioari bereziki emana. «Zaila da hemendik atera daitekeena imajinatzea, baina ziur gaude merezi duela».
  • Eyvind Kang & Jessika Kenney —USA—: «Eyvind eta Jessikaren konposizioek ispilu baten isla gisa funtzionatzen dute. Ispilu horretan iragana eta oraina elkarri begiratzen diote, entzulearengan oroitzapenak, sentsazioak, korronteak eta ideiak piztuz, entzuleak ez zekiena hor zeudenik, barnemuinean».

Jaialdia ekainak 3 eta 4 ospatuko da, eta egunero lau proiektu eskainiko dira. Ateak 20:00etan zabalduko dira, eta kontzertuak 20:30ean hasiko dira. Sarrera 15 eurokoa da egun bakoitzeko.


Albiste honekin lotuta…

https://binke.eus/kaiola-festibala-ekainaren-3an-eta-4an-antolatuko-da-galdakaon/