Kaiola Festibalerako sarrerak salgai daude honezkero
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: O. O.
Musika esperimentala oinarri duen Kaiola Festibalaren zortzigarren edizioa ekainaren 1ean antolatuko da Torrezabal Kultur Etxean. Jaialdian nazioarteko zortzi artista ikusteko aukera izango da eta sarrerak salgai daude honezkero.
Duela zortzi urte jarri zuen martxan Aritza Landaluzek Kaiola Festibala Galdakaon eta aurten zortzigarren edizioa antolatuko du ekainaren 1ean Galdakaoko Udalarekin elkarlanean. Hilabete honetako BINKEren azalean Landaluzek azaldu moduan, «sentsazio berriak bizitzeko aukera ezinhobea da Kaiola Festibala».
Zortzigarren edizio honetan nazioarteko zortzi artista entzuteko aukera izango da Torrezabal Kultur Etxean 20:00etatik aurrera eta sarrerak salgai daude honezkero 15 euroko prezioa ohiko webgunean.
Ben Vida eta Lea Bertucci musikariak batera arituko dira Torrezabalen. New Yorken bat-batean topatu eta diska bat grabatu ondoren, lana aurkezteko bira Galdakaon amaituko dute. «Oso polita eta esanguratsua da bikoteak Galdakao aukeratu izana aro hori ixteko», azpimarratu du Landaluzek.
Felicia Atkinson eta Christina Vantzou bikotea aldiz, diska berria grabatzen ari da, eta Torrezabalen elektronika lasaia uztartuko duen kontzertua emango du, errezitala egiten duen bitartean.
Azken bikotea Klara Lewis eta Yuki Tsuji izango dira, elektronikaz gozatzeko aukera eskainiko dutenek ere. Batek soinuak botatzen dituen bitartean, besteak gitarra inprobisatuko du, «bide berera helduz».
Bakarka ordea, Patti Smithen bandan biolontxeloa jotzen duen Lucy Railton eta Jeremiah Chiu arituko dira. Azken honek «laborategi baten modukoan sortutako soinuak» deskubrituko ditu Torrezabalen.