Enplegua
BINKE / 2022ko urtarrila

Lana aurkitzeko zailtasuna duten 81 pertsona kontratatu ditu Udalak

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala

Sei hilabeteetan zehar egin beharko duten lanerako prestaketa ikastaroak jasotzen ari dira asteotan 81 herritar, Galdakaoko Udalak bere Enplegu Planaren bidez kontratatu dituenak. Baina, zertan arituko dira zehazki eta zein baldintzatan? Hemen argibide guztiak.

Datozen sei hilabeteetan lana aurkitzeko zailtasuna duten 81 pertsona lanean arituko dira Galdakaon eta Usansolon, Galdakaoko Udalak bere Enplegu Planaren bidez egindako kontratazioei esker.

Lanaldi osoan arituko dira herritar horiek, sei hilabetez. Jose Luis Bernal Toki Garapen eta Enpleguko zinegotziak azaldutakoaren arabera, «2021eko Enplegu Plana ateratzeko urte osoan egindako lanaren emaitza dira kontratazio horiek».

Bernalek azaldu du «Udalak ahalegin handia egin duela aparteko egoera baten aurrean enplegu plan handiena aurkezteko», eta bizi dugun egoera sozioekonomikoan, erakundeak bi helburu dituela gaineratu du zinegotziak: «Batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna babestea, eta, bestetik, langabezia egoerari aurre egitea».

Horrela ba, 81 langile horiek lan hauetan arituko dira datozen sei hilabeteetan:

  • Oinarrizko pintura: 20 langile guztira. Oraindik ez dira lanean hasi, lan arriskuen prebentzioari eta pintura lanei buruzko prestakuntza fasean daude, eta, ondoren, margotze lanak egiten hasiko dira udalerriko hainbat eremutan, hala nola piboteak, farolak, bankuak, barandak eta abar pintatzen.
  • Oinarrizko zura: 18 langile guztira. Prestakuntza ikastaroak jasotzen ari dira beren lanak egitera irten aurretik. Bigarren etapa honetan, zurezko hiri altzariak zaharberritzeko lanei ekingo zaie, hala nola bankuak eta barandak.
  • Oinarrizko igeltserotza: 16 pertsona. Igeltserotzako prestakuntza espezifikoa jasotzen ari dira, eta laster aterako dira igeltserotzako konponketa txikiak egitera udalerriko hainbat tokitan.
  • Enplegu berdea: 12 enplegu guztira. Dagoeneko bi talde egin dira bideak eta berdeguneak garbitzen eta mantentzen diharduten langileekin.
  • Iturgintza: bost langile kontratatu dira dagoeneko, eta laneko arriskuen prebentziorako prestakuntza eta iturgintzako prestakuntza espezifikoa jasotzen ari dira.
  • Elektrizitatea: bost langile lan arriskuen prebentzioari eta elektrizitateari buruzko prestakuntza espezifikoa egiten ari dira.
  • Muralistak: bost pertsona, guztiak lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak. Prestakuntza ikastaroak jasotzen ari dira beren lanak egitera irten aurretik.