
Loreontziak sortzeko tailerra antolatuko du Gurasolagun ekimenak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Hego Uribeko Berbalagunak
Gurasolagun ekimenaren baitan, loreontzi koloretsuak sortzeko tailerra antolatuko dute Hego Uribeko Berbalagunek Galdakaon. Saioa barikuan, otsailak 14, izango da eta hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Familian euskaraz aritzeko helburua du Berbalagunen Gurasolagun ekimenak eta horretarako hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar. Aurtengo lehenengoa urtarrilaren 24an izan zen eta bederatzi familia batu ziren igel mihiluzeak egiteko tailerrean.
Gurasolagunen urteko bigarren saioa aldiz barikuan, otsailak 14, izango da, eta loreontzi koloretsuak sortzeko tailerra izango da. Saioa Barandian AEK euskaltegian izango da 17:15ean eta parte-hartzeko izena ematera animatu antolatzaileek, galdakao_berba@aek.eus helbidera idatziz, plazak mugatuak direlako.
Bestalde, Berbalagunek Gurasolagun ekimenaren beste adar bat martxan jartzeko kanpaina hasi dute. Honen helburua umeak eskolaz kanpoko ekintzetan ari diren bitartean gurasoak euskaraz erlazionatzea da, BINKEk jaso zuen moduan.