Metroa Galdakaora eta Usansolora heltzeko obrek aurrera jarraitzen dute, eta aurreikusitako erritmoa mantentzen ari dira, Iñigo Arriandiagaren hitzetan. Galdakaoko alkateak Radio Bilbaori eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, «urtebete edo urte eta erdi barru lanek eragin nabarmena izango dute herriko erdigunean».
Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak elkarrizketa eskaini zuen atzo Radio Bilbao komunikabidean, eta bertan Metroa Galdakaora eta Usansolora ekarriko duen 5. linearen obren inguruan hitz egin zuen, besteak beste.
Alkatearen hitzetan, obrek aurreikusitako erritmoa jarraitzen dute, eta «urtebete edo urte eta erdi barru lanek eragin nabarmena izango dute herriko erdigunean».
«Geltokia Agirre Lehendakariaren plazaren inguruan egongo denez, Udalak desbideratzeak, aparkalekuak, garbiketa, hondakinen bilketa eta Torrezabal Kultur Etxea eta Haurreskola bezalako ekipamenduetarako sarbidea koordinatu beharko ditu», azaldu zuen Arriandiagak, Metroak herriko mugikortasuna erraztuko duela azpimarratuz.
«Hala ere, aurrerapenarekin batera, Galdakaoren nortasuna zaindu eta haren jarduera ekonomikoa indartuko duten politikak gauzatu behar dira, herria pasabide soilik bihur ez dadin», adierazi zuen.
Metroaz gain, beste gai batzuez ere aritu zen alkatea. 2027ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den galdetu zion Radio Bilbaoko kazetariak, baina ez zuen erantzunik eman, «EH Bilduko hautagaitzak izendatzeko prozesua uda ostean hasiko baita».




