Kirola sustatzeko aktibatu diren kirol bonuak erosteko eta trukatzeko epea irailaren amaierara bitarte luzatzea erabaki dute Gu Dendari elkarteak eta Galdakaoko Udalak. Bonuek 20 euroko balioa dute eta 10 euroren truke eskuratu daitezke.
Kirola sustatzeko azken urteotan aktibatu diren kirol bonuak erosteko eta trukatzeko epea luzatu dute Gu Dendari elkarteak eta Galdakaoko Udalak.
Udalak 80.000 euro jarri ditu kanpainarako, eta oraindik ez dira deskontu bonuak agortu. Hori dela eta, epea luzatzea erabaki dute dendarien elkarteak eta Udalak. Hortaz, ikasurte berria hasteko garaia iristen denean ere eskaintza aktibo egongo dela aurreikusten da, aurrez bono guztiak amaitzen ez badira.
Hartzaile gehiagorengana iritsi nahian, pertsona bakoitzak eros ditzakeen bonu kopurua gehiago mugatu da aurten eta, gehienez, lau erosi ditzake galdakoztar bakoitzak.
Bonu horietako bakoitza herriko gimnasio edo kirol zentroetan hilabeteko kuota bat ordaintzeko erabili ahal izango da. Horrela, 1.850 petsonari emango zaio deskontuaz gozatzeko aukera. 10 euroren truke erosiko da bonu bakoitza eta 20 euroko balioa izango du.
Internet bidez erosi ahalko dira bonuak irailaren 30 arte, kirolbono.galdakao.eus helbidean. 65 urtetik gorako pertsonek aurrez aurre erosteko aukera ere izango dute, Gu Dendari elkartearen bulegoan.
Abuztuaren 14ra arte eta irailaren 1etik aurrera egongo da zabalik Gu Dendariren bulegoa, astelehen, martitzen, eguazten eta barikuetan 09:00etatik 14:00etara, eta eguenetan, 16:00etatik 20:00etara.




