Loroño aita-seme galdakoztarrak Tourrean gidari ibili ziren
TESTUA: Irati Alonso García
IRUDIAK: Joseba Loroño
Zapatuan Frantziako Tourreko lehen etapa hasi eta bukatu zen Bilbon. Bizkaiko hainbat herritatik igaro ziren goi mailako txirrindulariak eta hauen aurretik ibilbide bera egiteko aukera izan zuten hainbat gonbidatuk. Hauetako batzuen gidari ibili ziren galdakoztar bi: Joseba Loroño eta Markel Loroño aita-semeak.
Egun oso berezia bizi izan zuten zapatuan, uztailak 1, txirrindularitza zaleek, izan ere, Frantziako Tourreko lehen etapa hasi eta bukatu zen Bilbon. Bizkaiko hainbat herritatik igaro ziren etapan zehar goi mailako txirrindulariak, tartean Galdakaotik.
Txirrindulariak heldu baino lehen, ibilbide bera egiteko aukera izan zuten hainbat gonbidatuk eta hauetako batzuen gidari ibili ziren galdakoztar bi: Joseba Loroño eta Markel Loroño aita-semeak. Zehazki, nazioarteko talde gonbidatu baten gidari izan ziren, Josebak Binkeri azaldu dion moduan.
Gernikatik irten eta Bilbon iritsi ziren helmugara. «Ikusgarria izan zen haztegia igotzea, askotan bakarrik egin baitugu, oraingoan lagunekin oihuka animatzen. Baina ikuskizuna Pike Bidean iritsi zen. Aurretik ez nuen igo eta oso gogorra izan zen, baina milaka pertsona zeuden izkinetan, txirrindularitza babesten, oihukatzen eta bizitzen», azaldu du Josebak.
«Esperientzia errepikaezina, antolakuntzagatik, jendeagatik eta nire seme Markelekin partekatu ahal izateagatik», nabarmendu du.