Maider Legarretak eta Aitor Zorriketak kontzertua eskainiko dute bihar Urki Kafean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Maider Legarreta
Urki Kafeak estilo ezberdinetako kontzertuak antolatzen ditu barikuro eta bihar Maider Legarreta galdakoztarra arituko da Aitor Zorriketarekin batera. Abesti propioak eta bertsioak uztartuko dituzte 21:00etan hasiko den saioan. Legarretarekin hitz egin du BINKEk.
Astero jai giroa da nagusi duela hogeita sei urte Galdakaon ireki zuen Urki Kafean. Urteetan zehar erreferente bihurtu da gaueko giroan eta baita musikan ere, izan ere, kontzertuak eskaintzen ditu barikuro.
Bihar, urriak 20, Maider Legarreta galdakoztarra arituko da Aitor Zorriketarekin batera. Legarretak BINKEri azaldu dionez, denetarik joko dute: «Konposatutako azken kantak, agian oso ezagunak ez diren batzuk baina oso gustukoak ditudanak (Aurora, Silvana Estrada…), eta ezagunak diren beste batzuk gure estilo akustikoan, besteak beste, Aretha Franklin, Etta James, Rosana, Rozalen, Miley Cyrus…eta beste hainbat entzun ahal izango dituzue».
Publikoak gozatzea espero du galdakoztarrak, «agian ez da jai moduan disfrutatzeko musika, entzutekoa da. Baina horrek ez du esan nahi musika alairik joko ez dugunik!», adierazi du, bere herrian jotzea berezia dela aitortuz: «Modu honetan ezagun gehiago etor daiteke, eta konposatu ditudan abesti berriak erakutsi ahal dizkiet zuzenean. Kontzertu pertsonalagoa da herrian jotzea, lagunen artean jotzea bezalakoa delako».
Kontzertuak eskaintzeaz gain kantuko irakasle moduan dabil lanean Legarreta eta talde desberdinekin kontzertuak ematen. Esaterako, Goizargi Gospel Choir-koroarekin dabil proiektu berriak prestatzen eta laster bideoklip berri bat kaleratuko dute.
Bere proiektuarekin «lasai» dabil: «Disfrutatu egin nahi dut sortzearekin eta apurka apurka, ahal dudan einean nire musika kaleratzen joango naiz».