Manu Jugo sukaldari galdakoztarra hil da
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Manu Jugoren sareetatik
Gaur zendu da 39 urterekin Manu Jugo sukaldari galdakoztar gaztea, gaixotasun batek jota. Gugan bego, lagun.
Manu Jugo Barrenetxea (Galdakao, 1983-2022) sukaldari galdakoztar ezagun eta maitatua gaur, uztailak 20, zendu da 39 urterekin. Besteak beste Roman, Sevillan, Bartzelonan, Mallorkan, Alacanten eta, zelan ez, Euskal Herrian zehar aritu da Jugo sukaldari, goi-mailako jatetxeetan.
Galdakaon berriz, 2014an Topa taberna eta jatetxea ireki zuen beste hiru bazkide galdakoztar eta gazterekin batera, eta azken urteak Bilboko Monterrey jatetxe ezagunean egin ditu. Urtebete inguru antzeman zioten gaixotasun baten ondorio joan zaigu galdakoztar ezaguna.
Manuk lotura izan du Binkerekin ere, hala nola, 2016ko martxoan —Binkeren hirugarren zenbakian— azaleko protagonista izan zen Josemi Olazabalaga bere maisu izandakoarekin batera, eta pandemia garaian Binkeren Koarentena Artistikoetan hartu zuen parte, bere etxetik zuzenean eskaintzen zituen errezetak prestatzen.
Gugan bego, lagun.