Marrazki lehiaketa antolatu du Gu Dendari elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kristina Chulkova
Gu Dendari elkarteak marrazki lehiaketa berri bat martxan jarri du, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin herritarren artean banatuko dituen oihalezko poltsetan inprimatuko den irudia aukeratzeko. Gaia «Galdakaon erosi eta kontsumitu» da.
Herritarren parte hartzea sustatu eta bere alderik sortzaileena ateratzeko helburuz, marrazki lehiaketa antolatu du Galdakaoko Gu Dendari elkarteak. Galdakaoko Udalaren laguntzarekin herritarren artean banatuko dituen oihalezko poltsetan inprimatuko den irudia aukeratuko du elkarteak.
«Galdakaon erosi eta kontsumitu» da lehiaketaren gaia eta bere marrazkia oihalezko poltsetan jartzeaz gain, 100 euroko saria izango du irabazleak.
Marrazkiak martxoaren 31ra arte entregatu ahal izango dira Gu Dendari elkarteko edozein establezimendutan eta honen webgunean ezagutu daiteke hauen zerrenda.