Martxan da Auzotik Galdakao proiektuaren kontseilu berriak eratzeko prozesua
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herriko auzoen hobekuntza bultzatzen duen Auzotik Galdakao proiektua Aperribai eta Urreta eremuetan abiatu zen. Orain herriko gainerako eremuetan ere lurralde kontseiluak eratuko dira eta horretarako izen-ematea zabalik dago.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan 2023an. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen, Aperribai eta Urreta, eta orain proiektua herri osora zabaltzen doa pixkanaka.
Prozesuan zehaztutako 3, 4, 5 eta 6 eremuetan landuko da orain proiektua eta hauek dira guneak:
- 3. eremua: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti eta Olabarri
- 4. eremua: Bengoetxe, Troka, Ergoien, Zuhatzu eta Upomendi
- 5. eremua: Kurtzea, Tximelarre Bekoa eta Zabalgane
- 6. eremua: Berezikoetxe eta Zabalea
Zehazki, eremu hauetan lurralde kontseiluak martxan jartzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak abenduan egindako osoko bilkuran eta prozesua hasi da honezkero. Kontseiluetan izena emateko epea zabalik dago eta gaur, urtarrilak 31, da horretarako azken eguna.
Udalaren webgunetik egin daiteke, eta baita Parte hartze eta Gardentasun Arloarekin harremanetan jarriz, telefono 688 830 479 zenbakian.