Merina Grisek eta Ainhoa Larrañagak kontzertuak eskainiko dituzte 29an Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Artisten sareetatik
Galdakaoko Udalak Gabonetan zehar adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu. Besteak beste, Merina Gris taldeak eta Ainhoa Larrañagak kontzertua eskainiko dute Torrezabalen abenduaren 29an arratsaldeko 20:30etatik aurrera.
Hainbat ekintza antolatu ditu Galdakaoko Udalak Gabonetan zehar, adin guztiei zuzenduak. Musikak ere bere lekua izango du urte amaieran, hain zuzen, Merina Gris taldeak eta Ainhoa Larrañagak kontzertua eskainiko dutela. Saioak Torrezabalen izango dira abenduaren 29an arratsaldeko 20:30etatik aurrera eta sarrerak salgai daude jada 6 euroko prezioan Torrezabaleko txarteldegian eta webgunean. Bazkideek 4,50 euro ordainduko dituzte, 65 urtetik gorakoek, Gazte Txartela dutenek, langabeek eta taldeek aldiz 5 euro eta 13 urtera artekoek 4 euro.
2020an sortu zen Sara, Julen eta Paskalek osatutako Merina Gris taldea. Soinu elektronikoak oinarri dituela, «guztiarekin hausteko» musika uztartzen du hirukoteak. Estetika berezi eta indartsu batekin lagunduta, energiaz beteriko zuzenekoa eskaintzen dute eta oraingoan Galdakaoko publikoa dantzan jartzen saiatuko dira. Besteak beste, ‘Saiatzen naiz’ eta ‘Besteak ezer’ kantu propioak edo ‘Eskutitza’ eta ‘Dancing on my own’ abestien bertsioak entzun ahal izango dituzte gerturatzen direnek.
Ainhoa Larrañaga, ordea, musika oinarri duen Go!azen gazteentzako telesaileko portagonista gisa egin da ezaguna. Hernaniko gazteak arrakasta handia duen proiektuan parte hartu zuen 2016 eta 2019 bitartean eta Servir y Proteger eta El Internado: Las Cumbres bezalako telesailetan ere agertu da. Musikari dagokionez, 2020an ‘Eskuminak’ diskoa argitaratu zuen. Bilduma honek erritmo ezberdinak batzen ditu, gaztearen ahotsa ezagutzeko aukera ematen duen bitartean.
Binkek urte amaiera ospatu eta kontzertu honekin gozatzeko bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Instagramen bitartez.