Monika Menak ez du jarraituko UHko bozeramaile izaten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Hamabi urtez Usansolo Herria plataformaren segregazio prozesuaren bozeramailea izan ostean, ez du taldean jarraituko Monika Menak. Plataformaren sortzaileetako bat izan zen eta segregazio prozesua amaierara heldu denean, uztea erabaki du usansolotarrak.
Duela hamahiru urte, 2010ean, eman zituen lehenengo pausoak Usansolo Herria plataformak. Txapelena baserrian elkartzen hasi ziren orduan herriko hainbat eragile eta plataforma bat sortzea erabaki zuten.
Hurrengo urtean aurkeztu zen lehen aldiz Usansolo Herria Galdakaoko udal-hauteskundeetara Usansoloren segregazioa aurrera eramateko proiektuarekin eta ordutik udalbatzan bi ordezkari mantentzea lortu du beti. Gaur egun Udal Gobernuaren parte dira, 2019an EAJk hauteskundeak irabazi arren EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeak koalizioa sortzeko akordio batera heldu eta gero.
Plataforma sortzea erabaki zuen talde horretako kide bat zen Monika Mena eta ordutik segregazio prozesuaren bozeramailea izan da. Orain, prozesuaren amaieran, ez du taldean jarraituko Menak.
Menak lan handia egin du urte guzti hauetan zehar komunikabideei Usansoloren segregazio prozesua ahalik eta argien azaltzeko, behar beste azalpenak emanez.
BINKEk jaso zuen moduan, Usansolo Bizkaiko udalerri bihurtu daiteke PSOEk eta EAJ-PNVk Pedro Sanchezen inbestidurarako lortutako akordioaren ondorioz.