«Nahi eta ezin», Alex Garcia
Alex Garcia Tejedor
BINKE / 2018ko martxoa
Nahi eta ezin
Gero eta zailagoa izaten da kalean neskak eta mutilak jolasean ikustea. Orduak eta orduak eman genituen batzuk kalean gora eta behera bazterrak nahasten. Eta beldur naiz irudi hori ez ote den berriro ikusiko, gure kulturaren zati bat galtzeko zorian baikaude.
Zoritxarrez, herriak eta hiriak antolatzeko eta eraikitzeko eredu berriek haurren bizi-kalitatea kaltetzen dute. Autoek kentzen duten espazioa alde batera utzita, kaleko jolasa, gaur egun, parkeetara mugatzen da. Orokorrean, espazio mugatuak izaten dira, gehiegizko babesarekin, elementu natural bakoak eta irudimenari tarterik uzten ez diotenak. Tristea bada ere, zenbait kale eta plazetan pilotarekin jolastea debekatzen duten kartelak sarritan ikus daitezke.
Kaleko jolas libreak umeen garapenean eta heziketan duen garrantzia
kontuan izanda, espazio publikoa berreskuratzea ezinbestekoa dugu. Hizkuntzak, natur-zientziak, musika, giza harremanak, artea, matematikak…kalean ere badaude.
Haurraren garapen osoa eta ongizatea bermatzeko, gurasook ditugun beldurrak gainditu eta gure seme-alabak kalean jolasten irakasteko erronka dugu. Jendarte orekatua, librea eta zoriontsua eraiki nahi badugu, noski.