Ikus-entzunezkoak
BINKE / 2021eko martxoa

Netflix Euskaraz ekimenaren atzean galdakoztarrak eta usansolotarrak ere dabiltza

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: La Casa de Papel, Netflix

Bi astetan 6.000 sinaduratik gora lortu ditu Netflix Euskaraz ekimen herritarrak, eta herritar horien artean usansolotarren bat eta hainbat galdakoztar daudenaren berri jaso du Binkek.

Netflix mundu mailako ikus-entzunezkoen plataforma pribatu handiena da, eta Madrilen du bere Europako egoitza, horrek ikus-entzunezkoen industrian dakarren inbertsioarekin. Ordea, streaming bidezko enpresa erraldoi honek espainiar estatuan aritzeko baimenak baditu ere, ez du euskara kontuan hartzen. Horregatik, «Netflixi edukiak euskaraz emititu ditzala eskatzeko» mugimendu herritarra sortu zen otsailaren 16an: Netflix Euskaraz.

Sinadura bilketari Twitter bidez ekin eta bi astetan ia 7.000 sinadura jasotzea lortu zuen ekimenak. Mugimendu horren atzean Euskal Herriko hainbat herritar daude, eta tartean usansolotar bat eta hainbat galdakoztar daudenaren berri jaso du Binkek.

Netflix Euskaraz ekimenaren arabera, «Netflixek eta beste streaming plataformek etekin ikaragarriak dituzte, eta ez diote tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatzen», eta harago doaz herritar euskaltzale hauek: «Plataforma hauek —ez Netflixek bakarrik— dituzten irabazi erraldoien zati nabarmen bat bertako ikus-entzunezko lanetan inbertitzeko behartu egin behar zaie, baita euskaraz ere».

Hala ere, bere Twitterreko kontuan martxoaren 3an adierazi zuen bezala, iniziatiba hau «ez da plataforma horiek promozionatzen ari, baizik eta Netflixi, eta plataforma guzti horiei, orohar, exijitzen diegu errespeta ditzatela euskal hiztunen eskubideak, eta emiti ditzatela edukiak euskaraz».

Ikus-entzunezkoen legea. Espainiako kongresua ikus-entzunezkoen legea tramitatzen ari da egunotan, eta Jon Artatxo Ibaia Euskal Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarteko abokatuak Berriari adierazi zionari kasu eginez, «lege berriaren aurreproiektua atzerapausoa da euskararentzat, hizkuntz aniztasunaren eskubidea ezabatu egin dutelako».

Bide beretik, Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak ere eskatu du «plataformak legez behartzea ekoizten dituzten lanen erdiak katalanez, galegoz eta euskaraz izatera». Horrela kontatu zion kontseilu honetako buru den Roger Loppacherrek Berriari. Eta nahi horiekin bat egiten du sortu berri den Netflix Euskaraz taldeak: «Euskarak ikus-entzunezko sektorean duen presentzia hutsaren hurrena da. Bada garaia euskalgintza indarrak metatzen eta aktibatzen hasteko».

Indar egin eta Euskal Herriko zein Espainiako erakundeetan eragin ahal izateko, ekimenak erronka egingo dio euskal gizarteari datozen egunetan, kideek Binkeri kontatu diotenaren arabera: apirilaren 15erako baietz 10.000 sinadura lortu! Eta manifestua lantzen zein aliantzak bilatzen arituko diren bitartean, herritarrak sinatzera animatu gura dituzte.

Netflix, eta gehiago. Netflix Euskaraz da ekimen herritarraren izena, baina sortzaileek ez dute plataforma honetan bakarrik indar egin gura: «Plataforma honekin hasi gara, bai, baina gure asmoa indarrak batu eta ikus-entzunezkoen industria osoari euskara aintzat hartzea exijitzea da».

Galdakoztarrak eta usansolotarrak tarteko direnez, Binkek jarraipena egingo dio maila nazionaleko ekimen berri honi, eta bere irakurleak ekimenaren alde sinatzera animatu gura ditu.