Oier Ibarretxe eta Ainhoa Artetxe izango dira Santakurtzetako pregoilaria eta txupineroa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Irailaren 13tik 22ra bitarte ospatuko dira aurtengo Santakurtzak eta Oier Ibarretxe boxeolaria izango da pregoilaria. Haren ostean Zaukena Zauk kuadrilako Ainhoa Artetxek piztuko du txupina. Gaur iragarri du Udalak, udaletxean egindako agerraldian.
Kurtso hasierarekin batera heltzen dira urtero Galdakaoko jaiak. Santakurtzak irailaren 13tik 22ra bitarte ospatuko dira aurten eta beste behin pregoilariak eta txupineroak paper berezia izango dute jaietan zehar.
Pregoilaria herritarrek aukeratu dute aurten ere eta Udalak gaur egindako agerraldian iragarri duenez, Parisko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen Oier Ibarretxe boxeolaria izango da. BINKEren ekaineko azala izandakoa Madrilen dabil entrenatzen eta horregatik ezin izan da gaur udaletxean egon agerraldian. Hala ere, bideo bitartez mezu bat bidali du Ibarretxek: «Ez nuen espero pregoilaria izateko hautatua izatea eta are gutxiago herriak horretarako aukeratzea. Eskerrik asko danori, irailaren 13an ikusiko gara».
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta zozketa bitartez aukeratu dute, azken bi urteetan kuadrila txapelketan parte hartu eta gutxienez zazpi froga egin duten taldeen artean. Aurten Zaukena Zauk kuadrilako Ainhoa Artetxe izan da aukeratua. Artetxek aukerarengatik eskerrak eman ditu eta «urduri baina jaietarako prest» dagoela aitortu du.
Bi protagonistekin batera, Iñigo Hernando alkatea, Amets Iturbe jaietako zinegotzia, eta Jai Batzordeko ordezkariak egon dira gaurko aurkezpenean.
Hernandok eskerrak eman dizkie jaiak aurrera ateratzea ahalbidetzen duten guztiei: «jai eta txosna batzordeak, kuadrilak, herritarrak, Udaleko teknikariak…». Alkateak eragile guztien arteko elkarlaguntza azpimarratu du eta jaiak «errespetuz» ospatzeko eskatu du.