Oposizioaren 625.000 euroko emendakinak txertatu dira Galdakaoko aurrekontuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Atzo, abenduak 11, ez ohiko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta 49 milioi euroko aurrekontua onartu zuen hurrengo urterako. Honetan, oposizioaren 625.000 euroko emendakinak txertatu ziren eta hemen batu ditugu hauen xehetasunak.
Hurrengo urteko aurrekontua aurkeztu zuen Galdakaoko Udal Gobernuak astelehenean, 48.497.262 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %1,36 txikiagoa. Usansolo gabeko lehenengo aurrekontua da eta han zerbitzu batzuk oraindik Galdakaok eskaintzen dituen arren, banaketak eragina izan du oro har aurrekontuaren jaitsieran, BINKEk jaso zuen moduan.
Atzo onartu zuen aurrekontu hori Galdakaoko udalbatzak, oposizioko taldeen zenbait proposamen aintzat hartuz. Gobernuko taldeen aldeko 13 botoekin (EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria), EAJ-PNVren 6 zinegotzien aldekoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen aurrekontua.
Guztira, oposizioaren bederatzi zuzenketa barneratu dituzte 2025eko aurrekontuan, 625.000 euroko balioarekin: EAJ-PNVren lau eta PSE-EEren bost.
Jeltzaleen aldetik, guztira 2.000.000 milioi euro inguruko zuzenketak aurkeztu zituen, eta hauek izan ziren aurrekontuan aintzat hartu zirenak: Olabarrieta auzoa berroneratzeko, Tximelarre Beheko bide-segurtasuna eta Jugorako sarbideko argiztapena eta asfaltatzea hobetzeko eta belaunaldien arteko ‘KUVU’ programa abian jartzeko proposamenak.
2025eko lehen seihilekoan egingo den aurrekontu modifikazioan, Udal Gobernua lantzen ari den bi alor babestea ere onartu zuten honek eta EAJk: Ibaizabal ingurua eraberritzeko lanak eta Tximelarre Goikorako irisgarritasuna hobetzekoak. Akordioak, gainera, konpromiso hau jasotzen du: egiteke dauden eta oraindik gauzatu gabe dauden gainerako irisgarritasun-proiektuak lehentasunezkoak izango direla eta 2025. urtean zehar gauzatuko direla, aurrekontu-aldaketa desberdinen bidez.
«Herritarrekin lan egin eta proiektu argiak izan ondoren, gobernu taldearekin izandako negoziazio positiboak aurrekontu orokorrean Galdakaoko bizilagunek eskatutako sei proiektu estrategiko sartzea ahalbidetu du», adierazi dute jeltzaleek.
Sozialistei dagokienez, abstentzioa bozkatu zutenek, guztira 17 zuzenketa proposatu zituzten, 1,4 milioi euro ingurukoak. Horietatik, bost barneratu ziren aurrekontuan: etxebizitza-politiketarako baliabideak handitzea, Galdabusaren irisgarritasunaren eta zerbitzuaren hobekuntza bultzatzea eta Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua hastea.
Halaber, Udal Gobernuarekin adostu zuten Maximo Moreno parkearen eta Ibaizabalen erriberaren inguruen hobekuntza ezartzeko konpromisoa hartzea hurrengo aurrekontu aldaketan.
«Baliabide gutxien dituzten pertsonek oztopo arkitektonikoak gaindi ditzaten eta beren etxebizitzen erosotasun termikoa hobetu dezaten laguntzea bilatzen dugu, eta gazteek, hain testuinguru konplexuan, tokiko administrazioaren laguntza izan dezaten emantzipazio-prozesuan», nabarmendu du Victor Trimiñok, Galdakaoko sozialisten bozeramaileak.