Oxabik Galdakaon eskainiko du bere itzuleraren lehen kontzertua
Kultura
BINKE / 2021eko azaroa
Oxabik Galdakaon eskainiko du bere itzuleraren lehen kontzertua
ARGAZKIA: Galder Izagirre
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
Bi urte geldirik egin ostean, Oxabi talde galdakoztarrak hiru kontzertu eskainiko ditu abenduan, eta lehena Galdakaon: Euskararen Nazioarteko Egunaren harira abenduaren 3an Torrezabalen —gonbidapenak gaur jarri dira eskuragai—. Hala ere, ez da ekitaldi bakarra izango. Hementxe batu ditugu guztiak!
Pandemiak behartutako bi urteko geldialdiaren ostean, bueltan da Oxabi taldea, nahiz eta «ardura eta erantzukizunagatik» oxabitarrak kontziente izan diren «gu izan behar ginela agertoki batera igotzen azkenak», esan du taldeak bidalitako oharrean.
Baina orain bai, taldeak ohiko duen uda garaitik kanpo bada ere, hiru kontzertuko bira txiki bat eskainiko du abenduko hiru asteburutan. Eta lehenengoa, Oxabiren sorterrian izango da, Galdakaon.
Kontzertu hori Galdakaoko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzen barruan kokatuko da, abenduaren 3an bertan gaueko 21:00etan Torrezabal Kultur Etxean. Berez, osasun-egoerak kontrakorik esaten ez badu, kontzertu horiek zutik gozatu ahal izango dira eta sarrera doakoa izango da. Hori bai, gonbidapena jaso beharko du bertaratu gura duenak gaurtik, azaroak 23 martitzena, Galdakaoko Udalak Torrezabaleko ikuskizunetarako sarrerak saltzen dituen ohiko plataformaren bitartez.
Gainontzeko bi kontzertuak ordainpekoak izango dira: abenduaren 11n Gernikako Astran —sarrerak dagoeneko salgai dituzte Astran bertan eta internet bidez— eta abenduaren 18an Bilboko Hika Ateneoan eskainiko ditu Oxabik —sarrera hauek arratsalde bakarrean agortu zituen—.
Galdakaoko kontzertura bueltatuz, ez da saio hau Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Udalak antolatu duen bakarra. Azaroaren 27tik abenduaren 10era bitarte hainbat izango direlako Galdakaon antolatutako ekitaldiak:
Galdakaoko Euskararen Nazioarteko Eguna
- Azaroak 27, zapatua.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa, 17:00etan Urreta kiroldegian. - Abenduak 2, eguena.
Julen Gabiria idazle galdakoztarraren «Han goitik itsasoa ikusten da» liburuaren irakurketa jarraitua, 09:00etatik udaletxeko areto nagusian. - Abenduak 3, barikua.
- Goizean, Udalaren adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo da.
- 19:00etan, «Zorionak Barry barrez Barry Manley» bakarrizketa Usansolon.
- 19:30, Galdakao Kantari Mugurun hasi eta Torrezabalen bukatuta.
- 20:00, Ostikda elektrotxaranga, kalerik kale.
- 21:00, Oxabi taldearen itzulera kontzertua, Torrezabal Kultur Etxean.
- Abenduak 9, eguena.
Berbodromoa, 10:00etan Torrezabal Kultur Etxean. - Abenduak 10, barikua.
«Euskañolitis», Oihan Vegaren bakarrizketa, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean.